Mende erdi, eskaera berberak

Mireia Galarza Bastida 2026ko uztailaren 19a

Naia Aizpuru, Asier OƱederra, Xabier Euzkitze eta Mireia Aizpuru. (Arnaitz Rubio Aprea)

Otsailean bete ziren 50 urte Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoa aldarrikatu zutenetik, baina errefuxiatu kanpamenduen egoera ez da askorik aldatu urte hauetan guztietan, eta sahararrek laguntza behar izaten jarraitzen dute. Saharautz elkartea ahalegin hori egiten ari da sortu zutenetik. Ekaineko Zarautz Guka aldizkarian argitaratutako erreportajea da honakoa.

Duela 25 bat urte jarri ziren bizitzen Zarautzen Xabier Euzkitze eta Txus Manterola senar-emazteak, eta urte hartan bertan, Oporrak Bakean programaren bitartez, ume bat ekarri zuten Saharatik. Programa hori "indarra galtzen" ari zela sumatu zuen bikoteak, eta hortik sortu zitzaien herrian elkarte bat eratzeko beharra. Horrela jaio zen Saharautz, eta dagoeneko bete du mende laurden. Beste urteurren garrantzitsu bat ere bada aurten. Izan ere, otsailean bete ziren 50 urte Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoa aldarrikatu zutenetik.

Euzkitzeren arabera, lehenbiziko kolpea "zoragarria" izan zen, asko izan baitziren Saharatik etorritako umeak, 30etik gora, zehatzago esanda. Artean, eskualdean Sahararekin lotura zuten elkarte askorik ez zela kontatu du, eta beraiek kudeatzen zituztela eskualdeko etorrera prozesu asko. "Egun, zientzia fikzioa dirudite datu horiek, eta elkartea sortu aurreko datuetara itzuli gara", esan du. Horren zergatiei buruz galdetuta, "elkartasunaren sasoi falta" nabarmendu du Euzkitzek, ez bakarrik Saharautzi dagokionez, gizartean orokorrean baizik. "Gainera, 2008ko krisiak giro ezkorra utzi zuen, nahiz eta joera horrek ez duen zentzurik. Izan ere, esperientzia honek ahalegin ekonomiko oso txikia eskatzen du familientzat". Hasiera horietan batu zen Asier Oñederra ere Saharautzen bidera, lehenik harrera familia bezala eta gero elkartera, duela hogei bat urte, gutxi gorabehera. "Han eta hemen aritutakoa naiz laguntzen, eta hemen ere horrela sartu nintzen", kontatu du, barrez. Hala ere, garbi esan dute "indarrez nahiko justu" dabiltzala, eta beraz, eskertzen dutela gazteek esku bat botatzen dutenean.

 

Nekeak neke, Oporrak Bakean ekimenaz gain, urte hauetan guztietan beste hainbat ekintza ere antolatu ditu elkarteak, adibidez, Desioak Sutan ekimena. "Iraun zuen bitartean oso polita izan zen, ehunka su bola jaurtitzen genituen-eta zerura, baina ez zen bideragarria eta ez genuen horrekin jarraitu", kontatu dute. Kanpalekuetan jarri zituzten negutegiak ere gogoan dituzte Euzkitzek eta Oñederrak: "Erakutsi zitzaien baratzeetan nola lan egin, eta horietaz arduratuko zen pertsona bat ere izendatu genuen, baina ez da erraza horrelako zerbaiti eustea tartean horrenbesteko distantzia badago". Gaur egun, udako harrerez gain, neguko janari bilketan jartzen dituzte indarrak, eta Saharautzeko kideak "gustura" daude jasotako erantzunarekin. "5.000 kiloren bueltan ibili gara azken bi urteetan, eta lehen 3.000 eta zerbait jasotzen genituen", kontatu du Oñederrak.

Horien atzeko lanaz ere mintzatu da Oñederra. Neguko janari bilketa urte hasieran egiten badute ere, aurretik hasten dira lanean. "Harrera familien kudeaketa haurrak iritsi baino lehenago hasten dugu, eta beraiek joaten direnean, balorazioak-eta egin behar izaten dira. Konturatzerako iristen da berriro urte amaiera", esan du Oñederrak.

Udako familiak

Elkarteak ez lirateke ezer harrera familirik gabe, eta horren adibide da Zarauzko Aizpuru-Arruti familia. Mireia eta Naia ahizpek azaldu dutenez, "betidanik" izan dira programaren jakitun, baina erabakia lehenengo ahizpa Saharako errefuxiatuen kanpamenduan egon ondoren iritsi zen: "Nik uste esperientzia horren ondorioz hasi ginela hariak mugitzen, lehen pertsonan gertutik ikusten baituzu zein den hango egoera", gehitu du Mireiak. 2019an bihurtu ziren lehendabizikoz harrera familia, eta pandemiak prozesua hankaz gora jarri bazuen ere, gaur egun urtero iristen da beren etxera Saharako gaztetxoren bat: "Hasieran etxeko ahizpa zaharrena iritsi zen, eta harrezkero, beste bi ahizpa etorri dira", gehitu du Naiak.

Esperientziaren zutabeetako bat da osasuna, eta mediku azterketak egiten dizkiete gazteei etortzen diren bakoitzeko. Izan ere, hango klima "muturrekoa" izanik, horrek osasunean ere eragin zuzena duela diote: ura neurtuta dute, eguzkiaren ondorioz begi niniak askotan erreta izaten dituzte, haizeak jotzen duenean hondarrak belarriko arazoak sortzen dizkiete... "Elkarrizketa hau egiten ari garen egunean [maiatzak 25], 30 bat gradu ditugu hemen, eta itzalean egoteko aukera dugu, baina Saharan toldo baten azpian egoten dira gehienetan, 50 gradu ingurutan ere bai", dio Euzkitzek.

Horretaz gain, esperientzia honek desertutik kanpo denboralditxo "desberdin bat" bizitzeko aukera ere ematen dietela gehitu dute Aizpuru ahizpek, horrek dakarren guztiarekin. Elkarrizketatuek kontatu dute nola gelditzen diren "harrituta" haur horiek hemen ikusten duten landareria guztiarekin. "Gureak, usaintzeaz gain, hartu ere egiten zituen loreak", kontatu dute Aizpuru ahizpek. Itsasoak "harri eta zur" uzten dituztela ere azpimarratu dute. Eta zera gehitu du Euzkitzek: "Orain, sare sozialekin desberdina da, baina lehen talka teknologikoa ere izugarria zen, adibidez, argiaren etengailua, hozkailua edo semaforo bat ez zekitelako zer ziren". Horri buruz hizketan, Oñederrak kontatu du nola gelditu zen harrituta beraien etxera etorri zen neskatoa garajera jaitsi zirenean, "Saharan dena delako laua".

Gaztetxoek udalekuetan edo harrera familiekin bizitzen dituzte esperientzia horiek, baina Saharan gelditzen diren senitartekoak ahaztu gabe, eta horietaz ere mintzatu dira Arruti ahizpak, Oñederra eta Euzkitze. Kontatu dute hasiera batean "arbuioa" senti dezakeen arren, emandako laguntzarekin "eskertuta" agertzen direla. Askotan, urte guztiko harremana sortzen dela ere gehitu dute. "Urtean zehar zerbaiten beharra sortzen bazaie, era batera edo bestera laguntzen saiatzen gara, nahiz eta berez lotura edo betebehar hori ez izan", gehitu dute. Harreman hori, gainera, gaur egun errazagoa dela diote, han ere badutelako Internetera sarbidea, "hemengoaren parekoa ezin izanda ere".

Bizipenak, milaka

Gaztetxoentzat harrera familia baten parte izatea "bizitzako esperientzia garrantzitsuenetako bat" izaten dela diote elkarrizketatuek, baina haientzat bakarrik ez, harrera familientzat ere "berezia" izaten dela. Haur horiek euskara ikasteko duten "izugarrizko abilezia" aipatu du Euzkitzek, eta besteak ere ados agertu dira harekin. "Uda bakar batean komunikatzeko gaitasuna bereganatzen dute, hasieran imintzioka, baina bukaeran ia dena ulertzera ere iristen dira euskaraz", diote ahizpek. Oñederrak ere iritzi hori baieztatu du, eta zera gehitu du: "Nahikoa da egun batean esatea haur horrek ez duela mahaia jaso pentsatuz ez duela ulertu, hurrengoan ezer esan gabe jasotzeko". Euzkitzek beste esperientzia bat ere kontatu du: "Uda osoa igaro ondoren, hondartzako azken bainua ere berezia izaten zen, batez ere, jakinda ez zutela gehiago bizitzan itsasoa ikusiko".

Zarauzkoak bakarrik ez, Saharan bizitakoak ere aipatu ditu laukoteak, euren kultura ezagutzeko balio izan dietenak. Gainera, han egoteak, sahararrek beraiekiko duten pertzepzioan eragiten duela gehitu dute Aizpuru ahizpek: "Harremana sendotzeko modu bat da familiak Saharan ezagutzea, bestela, gehienez, telefono bidez ikusten dituzulako. Arau sozialak ere desberdinak dira, eta horiek nola funtzionatzen duten ere ikusten duzu han". Horrekin lotuta, Euzkitzek kontatu du kultura sahararrean "ohiko esker keinua" dela korrokada botatzea, ondo geratu badira behintzat: "Hasieran harrituta gelditzen ginen gu, hemen ez baitu gauza bera esan nahi keinu horrek".

Komunitatea

Aurtengoari begira, eta dena ondo bidean, Oñederrak aditzera eman du ekainaren 30ean iritsiko direla Saharako haurrak Euskal Herrira, eta abuztu amaierara arte egongo dira familiekin. Laukoteak, ordea, ez du ahaztu nahi izan ekintzak egiteko edota bidaiak finantzatzeko laguntza ematen dieten bestelako erakundeekin, eta hausnarketa bat mahaigaineratu dute: "Euskal komunitateak, estaturik gabeko herri moduan, badu konpromisoa Saharako herriarekin, guretzat ekarpen txiki bat dena, haientzat izugarrizko laguntza izan daitekeelako". Horren bueltan, Euzkitzek zera gehitu du: "Saharako banderan, goikaldean jartzen dute zati beltza. Berdea jartzen duten egunean, horrek esan nahiko du independentzia aitortu zaiela. Hala bedi ahalik eta azkarren".

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide