Korapiloa

Zuen baimenarekin

Aritz Mutiozabal 2026ko uztailaren 18a

Adineko pertsona baten eskuak. (Pixabay)

Aritz Mutiozabalek ekaineko Zarautz Guka aldizkariko Korapiloa atalerako idatzitako iritzi artikulua da honakoa.

Beste batzuetan baino zailagoa egiten ari zait artikulu hau idaztea. Gertuko pertsona batek geure artean egoteari utzi dio orain gutxi, eta kostatzen ari zait sabeleko korapiloa askatzea. Ez da erraza izaten emozioen eztanda kontrolatzea, sentimendu kontrajarriak sailkatzea eta modu orekatuan ordenatzea. Dolua trantze latz bat da, eta bakoitzak bere denbora behar du.

Heriotza bizilegea omen da. Bizitzaren spoiler-ik handiena: "Ez dakit badakizun, baina hil egingo zara!". Berdin dio zein klase sozialetakoa zaren, zein diren zure arraza eta generoa, edo zein ideologia politiko duzun begiko. Ez dio axola zein futbol taldetako jarraitzalea zaren, ezta crossfiteko super atleta zaren edo zure koefiziente intelektuala estandarra baino askoz ere altuagoa ala baxuagoa den. Berdin dio fededuna, agnostikoa ala ateoa zaren ere. Biharko egunean zerraldo bat egongo da prestatuta guztiontzat.

Boz goran esan behar ez diren gauzak direla uste dute askok. Patu txarreko gaia dela, nolabait esateko. Oraindik ere heriotzak beldurtu egiten gaitu, eta, neurri batean, normala da, misterio handiegia ezkutatzen duelako bere baitan. Gizakia gizaki den unetik deskodetzen saiatu da enigma hori, eta horren inguruan literatura ugari idatzi da; alde batetik, ikerketa zientifikoak egin dira, gure gorputza hobeto ezagutzeko, eta bestetik, erlijioak, metafisikak eta, oro har, fikzioak ekarpen handia egin dute.

Jendea, ordea, ez dago horri begira. Egunerokoak nahiko gerra ematen digu horretan pentsatzen hasteko. Seme-alabak eskolara eraman, lanean egin beharrekoa amaitu edo proiektu hura entregatu lehenbailehen, bizilagunekin bilera, hitzordua dentistarenean, yoga ikastaroa, erosketak egin afarirako... "Hilda nago, ohera noa!". Eta bihar beste egun bat, beste egun berdin bat.

Aurreko batean, erdi serio edo erdi txantxetan, norbaitek komentatu zuen ea jakin nahiko ote genukeen geure iraungitze data noiz izango litzatekeen. Ea noiz hilko garen, eta hori jakinez gero, nola egingo geniokeen aurre geratzen zaigun denborari. Galdera tranpa da, non erantzuna abstraktua den. Guztiz ameslaria.

Oinak lurrera itzulita, beilategiko gela honetan aurkitzen naiz galduta, ostrukarena egin nahian. Badirudi maite ditugunak ez direla inoiz hilko, baina nik jada barneratuta neukan. Jende dezente etorri da doluminak ematera; inor ez dago halakoetarako prestatuta, eta denborarekin gero eta traketsagoak gara. Momentu tragikoetan barre egitea terapeutikoa omen da, eta momentuz bide onetik noa. Hala ere, malkoz itota daukat eztarria, eta, zuen baimenarekin, testu honen bidez hasi nahi izan dut isurtzen nire tristura.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide