Ene!

Karaktere kontua (I)

Javier Aramendi 2026ko uztailaren 25a

Liburuak elkarren gainean pilatuta. (Pixabay)

Javier Aramendik ekaineko Zarautz Guka aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honakoa.

Garai batean ohikoa izaten zen eleberriak zatika argitaratzea aldizkarietan. Dickensen edo Flauberten eleberri ezagun batzuk, esaterako, aldizka argitaratu zituzten. Gurean Txomin Agirrek Auñemendiko lorea hala argitaratu zuen Euskalzale aldizkarian. Nik ere gauza bera egingo dut. Ipuintxo bat luzatu nahi dizuet udako irakurgai moduan, bi zatitan.

"Gerra hasi bezain laster etsaien tropek eskualdea okupatu zuten. Eskualdeko hiriburuak eta inguruko herrixkek osatzen zuten zonaldea beren kontrolpean bazegoen ere, okupatzaileek jakin bazekiten herriko biztanleek bazutela moduren bat eskualdez kanpoko biztanleekin, eta beren armadarekin, komunikatzeko. Tarteka sabotajeak gertatzen zirenean, garbi zegoen kanpoko informazioa baliatzen zutela haiek egiteko; ezin, hala ere, informatzaileak atzeman, ezta ezkutuko mezurik harrapatu ere.

Okupatzaileen informazio zerbitzuaren arabera, herriko maisua izen zitekeen informatzaileetako bat. Jaso eta bidaltzen zituzten gutun eta pakete apurrak, ez oso sarritan, irakurri edo ireki egiten zituzten. Herrixkan zeuden lau telefonoak ere interbenituta zeuden, eta ez zuten inoiz ezer susmagarririk irakurri, aurkitu edo aditu. Duda sortzen zuen elementu bakarra maisuaren liburuak ziren. Zeren hamabostero liburu bat bidaltzen baitzioten maisuari hiriburuko inprimategi ezagun batetik. Literatur sail famatu bateko aleak izaten ziren. Ale guztiak kriptografia sistemak erabilita aztertu arren, eta inprentan bertan isil mandatari bat bazuten ere, ezin ezkutuko mezurik edo paperik topatu. Gainera, maisuak, liburuak irakurritakoan, herriko ostatuan uzten zituen herritarren eskura, edonork irakurtzeko. Bestalde, ez zegoen ezer susmagarririk herriko maisuak literatura liburuak irakurtzean. Egindako galdeketetan, behin edo behin indarkeria ere erabilita, hala aitortzen zuen behin eta berriz. Gainera, liburutegiaren arduraduna ere bazen, eta, herri txikia izaki, horretarako aretorik ez, herriko ostatua erabiltzen zuen helburu horrekin. Horietako bat zeukan kapitainak mahai gainean, hain zuzen...". (Segituko du).

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide