Behatxuloa

Auzolanetik auzo-lotsara

Alex Gurrutxaga 2026ko uztailaren 11

Jendetza eskuak altxata, kontzertu batean. (Pixabay)

Alex Gurrutxagak ekaineko Zarautz Guka aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honakoa.

Mahatsaren orpotik, 300.000 euro. Apirila zen. Bi kontzertu, non eta Bartzelonan eta Madrilen. Eta, aidanez, bi horiengatik, diru kantitate hori. Harrapazan, en tol… aihenaren erdi-erdian. Ondo, pozten naiz beraiengatik, txin-txin, txin-txin... Beste asko ari dira, ordea, aieneka, diru hotsetik urruti. Begiratu, bestela, Lanarteak modu batera eta bestera erakusten dizkigun zifrak, errealitateak, egiak, euskal artisten bizimoduari eta lan egoerari buruz.

Nik ulertzen dut, enpresa batzuk ixten diren bezala, artista batzuek arrakastarik ez izatea; hartzaileok libre gara, jakina, gure diru poxiak non gastatu erabakitzeko, eta artisten lan txar asko dago, bestelako produktu txar piloa bezalaxe. Konforme. Baina hemen arazoa administrazio publikoarekin dator. 300.000 euroko dirulaguntza zuzena, esan dugu; bi kontzertu, atzerrian. Beste muturrean, Lanarteak egindako inkestaren arabera, jarduera artistikoa ogibide bakar edo nagusi dutenen irabazi garbia, hilean, batez beste, 1.027,5 eurokoa da.

Administrazioa zertarako dago, aldeak handitzeko ala txikitzeko? Euskadi, auzolana. Auzolana? Harrapazan hori ere, en tol sarmiento… Auzolana ez, auzo-lotsa.

Neure buruari galdezka ari naiz: zer da hobea, musika kontzertu bakarra egotea sei hilabetean Modelo bezalako areto batean, oso ezaguna eta garestia eta aretoa beteko duena eta insta-n petatu egiten duena, ala sei-zazpi edukitzea, nahiz musikariak horren famatuak eta garestiak eta instaguay-ak ez izan?

Beharbada, norbaitek esango dit bi aukerak ez daudela lehian. Nahiago nuke hala ez balitz, baina bai, badaude, zeren itsulapikoa ez da Doraemonen poltsikoa. Eztabaida horrek ez du ihesbide magikorik. Galderak erantzun behar ditugu irteera aukeratzeko: zer eredu nahi dugu? Zer da kultur sistema guretzat?...

Nik neuk, adibidez, uste dut administrazio publikoak ezin dituela edozein modutan kontratatu edo lagundu katxe batetik gorako artistak, horrek ondorio latzak izango baititu epe luzera. Hala gertatzen da dagoeneko.

Edonola ere, administrazio publiko batek, txiki nahiz handi, edozein koloretakoa dela ere, kontuz ibili behar luke ez handitzeko merkatuak dagoeneko eragiten dituen alde izugarriak.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide