Elena Arresek erakusketa berria inaguratuko du bihar Torre Luzean

Enara Ariznabarreta 2026ko uztailaren 8a

Elena Arreseren 'Josturak: Paisaia eta Mugimendua Zarautzen' lana. (Elena Arrese)

Artista tolosarraren Josturak: Paisaia eta Mugimendua Zarautzen lana ikusteko aukera izango da Torre Luzean. Irekiera ekitaldia bihar izango da, 18:00etan, eta irailaren 13ra arte egongo da ikusgai.

Elena Arresek bere erakusketa berria inauguratuko du bihar Torre Luzean, 18:00etan hasita. Bertan, Josturak: Paisaia eta Mugimendua Zarautzen lana aurkeztuko du. Erakusketa Torre Luzeako erakusketa aretora egokituko da, hiru geltoki bisualen diseinuaren bidez. Irailaren 13ra arte egongo da ikusgai, eta ikustera joan nahi dutenek asteartetik ostiralera egin beharko dute, 18:00etatik 20:00etara.

Mostrak formatu handiko pinturak, paper gaineko obrak eta teknika mistoan egindako lanak biltzen ditu. Artista tolosarrak adierazi duenez, beti gustatu izan zaio Zarautz, "urdin bizi hori, horizonte irekia, Getariako arratoiaren silueta...". Hain zuzen ere, berarekin ekarri ditu "hondarra, zerua eta itsasoa" lanetara, "baita bertako jendeak ematen dion nortasuna ere".

Arresek dio "Josturak proiektuan baztertuta utzi dena birsortzeko gaitasuna aztertzen" duela, 
pinturarekin eta eskulturarekin egindako diziplina anitzeko elkarrizketa baten bidez. Margolari eta ilustratzaileak baztertutako materialarekin egiten du lan, hau da, "hondakina da bere lehengaia". Bere kontakizun pertsonalekin obra berriak sortzen ditu, "kaos batetik abiatu eta kosmos bat eraikiz", eta marjinala dena erlikia garaikide bihurtzen saiatzen da.

Elena Arrese euskal artista multidiziplinarra da, Geografia eta Historian lizentziaduna. Ekoizpen artistiko askotarikoari eta esperimentalari eskaini dio bizitza, eta azken urteotan, hainbat erakusketa egin ditu, banakakoak zein kolektiboak. Horma-irudiak eta pinturak munduko hainbat herrialdetan daude ikusgai, Korean, Ameriketako Estatu Batuetan, Mexikon, Grezian, Turkian eta Frantzian, besteak beste.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide