Lierni Osa eta Ane Urreisti nagusi Andatzan harri txikien eta txinga eroate txapelketetan

Gorka Eizagirre eta Onintza Lete Arrieta 2026ko uztailaren 6a

Aiako auzoan jokatu zituzten atzo arratsaldean Emakumeen Gipuzkoako Harri Txikien Txapelketa eta Gipuzkoako Txinga Eroate Txapelketa, San Pedro jaien barruan. 

Emakumeen Gipuzkoako Harri Txikien Txapelketa eta Gipuzkoako Txinga Eroate Txapelketa jokatu zituzten atzo arratsaldean Aiako Andatza auzoan. Sanpedroei amaiera emateko modu polita izan zen, ikusle ugari bildu baitzuen hitzorduak auzoko frontoian. 

Txingeekin Ane Urreisti, Jone Uria eta Aitziber Martiarena aritu ziren nor baino nor, eta garaipena Urreistik eskuratu zuen, besteei alde nabarmena aterata, gainera. Urreistik 25 plaza, zinta erdi eta 0,25 metro egin zituen; Uria izan zen bigarrena, 13 plaza eta 0,94 metro eginda; eta hirugarren Martiarena, 10 plaza, zinta laurden eta 2,48 metro eginda. 

Harri jasotzen ere hiru emakume aritu ziren: Maddi Gesalaga eta Irati Osa zarauztarrak, eta Malen Morandeira urnietarra. Lehia txingetan baino estuago egon zen, baina Osa nagusitu zen, denera 84 altxaldi eginda. Morandeirak 76 egin zituen, eta Gesalagak, berriz, 65. 

62,5 kiloko hiru harrirekin ibili ziren: zilindroarekin, kubikoarekin eta bolarekin. Osak 34, 21 eta 29 altxaldi eman zizkien harri horiei hurrenez hurren; Morandeirak 35, 20 eta 21; eta Gesalaga gazteak, 31, 14 eta 20. 

Txapelketan ez, baina ikuskizunean parte hartu zuten beste bi kirolarik ere, giroa are ederrago eginez: Unai Goitia eta Ugaitz Orbegozo aritu ziren ingudeekin, hain zuzen. 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide