ZAEko gizonezkoak txapeldun etxeko estropadan, eta emakumezkoak bigarren

Intza Trula 2026ko uztailaren 5a

ZAEko gizonezkoen trainerua, gaur, II. Gesalaga Okelan Bandera astintzen. (Utzitakoa)

Gaur eguerdian jokatu dituzte KAE 1 eta ETE ligetako estropadak. ZAEk nagusitasunez irabazi du Gizonezkoen II. Gesalaga Okelan Bandera, bigarren izan den Deusturi hamalau segundo aterata. Emakumezkoen I. Gesala Okelan Banderan Hondarribia gailendu da, eta bost segundoko tartea atera dio Zarautzi. Mutilei harrera egingo diete gaur, 19:00etan, Lege Zaharren Enparantzan.

Arraunaren bueltako festa ospatu dute gaur eguerdian Zarautzen, KAE 1 eta ETE ligetako Gizonezkoen II. Gesalaga Okelan Banderarekin eta Emakumezkoen I. Gesalaga Okelan Banderarekin. Etxeko traineruek estropada oso txukunak egin dituzte, eta, gizonezkoen kasuan, saria izan du egindako lanak: bandera irabazi dute, bigarren izan den Deusturi hamalau segundo aterata. Emakumezkoetan Hondarribia nagusitu da, eta bigarren postua Zarautzek lortu du.

KAE 1 ligako estropada izan da jokatzen lehena. Bi txandatan banatuta jokatu dute, eta bigarrenean izan da bandera eskuratzeko borroka. Oso pareko abiatu dute estropada Zarautzek eta Deustuk, eta lehen ziaboga ia denbora berean hartu dute. Bigarren luzean, ordea, Zarautzek erritmoa bizitu du, eta Deusturekiko zuen aldea handitzen hasi da. Helmugara arte iraun dio nagusitasun horrek, eta 20:52,26ko denboran amaitu ditu lanak. Deustuk ez du etxeko taldea harrapatzerik lortu, baina estropada txukuna egin du: 21:06,54ko denboran heldu da helmugara.

Zumaia ere gaurko beste protagonistetako bat izan da, podiuma itxi duen trainerua izan baita: alegia, hirugarren postua eskuratu du Zarauzko estropadan, 21:17,21eko denborarekin. Oriok, berriz, azken postuan amaitu du gaurko jardunaldia, lanak 22:11,75eko denboran amaituta.

Gaurko emaitzen ondoren, Deustuk jarraitzen du KAE 1 ligako liderra izaten 57 punturekin, baina Zarautz bi puntura besterik ez du, 55 baititu. Zumaiak, bere aldetik, 53 puntu ditu, eta hirugarren postuan dago. Oriok zortzi puntu ditu, eta azken postuan dago.

II. Gesalaga Okelan Bandera etxean geratu izana ospatu nahi du Zarautzek, eta, horregatik, harrera deitu dute arratsalderako. Lege Zaharren Enparantzan egingo dute harrera ekitaldia, 19:00etan.

Neskak, oso txukun

Emakumezkoen traineruak ez du gaurkoan garaipena lortu, baina oso gertu egon da, eta maila altua erakutsi dute beste asteburu batez. Txapelduna izan den Hondarribiak bost segundo soilik atera dizkio etxeko traineruari. Hain justu, Hondarribiak 11:09,66ko denboran amaitu du estropada, eta Zarautzek 11:14,89ko denboran egin du.

Hirugarren Kaiku heldu da, 11:17,29ko denboran zeharkatu baitute helmuga, eta laugarren izan da Ondarroa, 11:23,73ko denborarekin. Gaurko estropadan eskuratutako puntuak batuta, ETE ligako sailkapen orokorrean 30 punturekin berdinduta daude Hondarribia eta Zarautz, lehen postuetan. Kaiku dute atzetik, 24 punturekin.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide