Gaztetxoek abiatu dute Txaparrotan hondartzako eskubaloiaren festaren 21. edizioa

Maddi Txintxurreta 2026ko uztailaren 4a

21. aldiz, eskubaloia hondarretara mudatu du Txaparrotan txapelketak. Haurren arteko partidekin hasi da festa, eta hurrengo asteburuan helduen txanda izango da.

Uda hasierarekin batera, eskubaloiaren ohiko eszenatokia aldatu du Txaparrotan txapelketak, eta ehunka gaztetxok harrotu dute Desertu Txikiko hondarra golaren bila. Herritar ugari azaldu da txapelketaren lehenengo egunera eskubaloi jokalariak animatzera.

Haurrek abiatu dute txapelketaren 21. edizioa, gaur goizean, eta bihar arratsaldera arte, benjaminak, kimuak, infantilak eta egokituak arituko dira lehian Desertu Txikian. Sei joko eremutan ari dira jokatzen partidak: Tablauan, Argiñanon, Santa Barbaran, Kanpinean, Allapuntan eta Mollarrin. Bihar eguerdira arte, ligaxka jokatuko dute, multzotan banatuta; eta ondoren, kanporaketak jokatuko dituzte, finalera arte: final laurdenak 15:30ean, 16:00etan eta 16:30ean izango dira; finalerdiak, 17:00etan eta 17:30ean; eta finalak, 18:00etan eta 18:30ean.

Herriko eskubaloi taldeetako jokalariek eta jokalari ohiek antolatzen duten kirol egitasmoa da Txaparrotan, eta urtero bezala, aurten ere erantzun bikaina izan du parte hartzeari dagokionez. Horren erakusle da izena eman duen talde kopuru handia: 121 talde haurren txapelketan. Haurren talde kopurua hazi egin da iaztik; helduena, berriz, berdin mantendu da. 1.066 jokalari ariko dira, guztira, txapelketan.

Benjaminetan 35 taldek eman dute izena: 11 lehiatuko dira nesken mailan eta 24 mutilenean, baina azken horietatik hamar talde mistoak izango dira. Kimuetan 44 taldek eman dute izena orotara, hamazazpik nesken mailan eta 27k mutilenean –horietatik zazpi dira mistoak–. Infantiletan, azkenik, 38 talde lehiatuko dira: 23 nesken mailan eta hamabost mutilenean, mistoa bakarra izanik. Bestalde, lau talde egokitu ere lehiatuko dira, A eta B kategorietan; bi talde Zarauzkoak dira, eta beste biak Errenteriakoak (Gipuzkoa).

Helduen liga

Hurrengo asteburuko helduen txapelketa ere sei joko eremutan jokatuko dute. Ligaxkako partidak larunbatean 09:00etan hasiko dira eta igande eguerdira arte jokatuko dituzte. Ondoren, 14:00etatik 18:00etara azken kanporaketak jokatuko dituzte, eta 18:30ean eta 19:00etan finalak.

Emakumeei dagokioenez, 40 talde aurkeztu dira, iaz baino gehiago. Zarauzkoez gain, Orioko, Aiako, Eibarko (Gipuzkoa), Oñatiko (Gipuzkoa), Daganzoko (Espainia) eta Elorrioko (Bizkaia) taldeak arituko dira lehian. Talde mistoak hamar izango dira. Halaber, gizonen mailan txapelketara aurkeztu den talde kopurua emakumeena baino zertxobait handiagoa izan da: 70, guztira.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide