Abuztuaren 14tik 22ra ospatuko da Zarauzko Aste Nagusia, eta abuztuaren 17an Gaztea Gauaz gozatzeko aukera izango dute herritarrek Malekoian. Olaia Inziartek eta Zeatik Ez taldeak joko dute, eta talde gonbidatu bat izango da. Gazteak talde gonbidatuaren hautaketa zabaldu du, eta aukeratutako taldeak Gaztea Gauan joko du. Talde edo bakarlari irabazleak 2.500 euroko saria eskuratuko du, eta Gazteak bere gain hartuko ditu ekitaldiaren ekoizpen teknikoaren kostuak.
Uztailaren 15a izango da parte hartzeko azken eguna, goizeko 10:00ak arte, eta musikariek dokumentu honetan sartu beharko dituzte euren datuak, zehaztutako atal guztiak betez.
Zarautz eta inguruetako herrietan erroldatutako edo bertan jarduera artistikoa garatzen duten artista eta taldeek dute hautaketan parte hartzeko aukera. Edozein musika estilo eta adinetako talde eta artistak onartzen dira, baina adin txikikoek legezko tutoreen baimena aurkeztu beharko dute. Halaber, musikariek aurkezten duten materialaren erabilera eskubideak dituztela bermatu beharko dute.
Gazteak osatutako profesionalen epaimahai batek hartuko du erabakia, eta proiektuaren kalitate artistikoa, zuzeneko emanaldirako gaitasuna, jatorrizko proposamena izatea eta tokiko eszenarekin lotura izatea hartuko dituzte kontuan.
Hautaketan aukeratua izan den talde edo bakarlariak baimena eman beharko dio Gazteari eta Zarauzko Udalari ekitaldiaren sustapenerako taldearen izena, irudiak eta material grafikoa erabiltzeko. Era berean, kontzertuan egindako argazkiak eta bideoak antolatzaileen komunikazio kanaletan zabalduko dira.