Jendetza erakarri dute Kalerkiren lehen ikuskizunek

Intza Trula 2026ko uztailaren 3a

Zarauzko kale antzerkiaren jaialdia abiatu zuten atzo arratsaldean. Esaterako, Burgosko Tiritantes zirku konpainiak Karrusel ibiltaria ikuskizuna eskaini zuen Amalur Parkean, eta iluntze aldera malekoia hartu zuen IOI ikuskizunak, Haatik dantza konpainiaren emanaldiak.

Beste urte batez, agertoki bilakatu dira Zarauzko hainbat txoko, Kalerki kale antzerkiaren jaialdiari esker. Atzo abiatu zuten hiru egun iraungo duen jaialdia, eta, bertan, hainbat emanaldiz gozatzeko aukera izan zuten haurrek zein helduek.

Arratsaldeko lehen hitzordua Amalur parkean izan zen. 19:00etan zen hastekoa Burgosko Tiritantes zirku konpainiaren Karrusel ibiltaria emanaldia, baina ordu laurden lehenago jendez lepo zegoen antzeztokiaren ingurua. Emanaldi ibiltaria izan zen, eta herritar ugarik jarraitu zuen ibilbidea protagonistekin batera. Ikuskizuneko koloretako dragoi erraldoiek haur bat edo beste ikaratu zuten uneren batean, baina beste hainbatek harriduraz eta txundituta begiratu zituzten.

Iluntzean, berriz, ilunabarrarekin batera, Haatik dantza konpainiaren emanaldiaz gozatzeko aukera izan zen malekoian. IOI izenburudun ikuskizuna eskaini zuten, dantzariek eta arratsaldean bezala, jendetza batu zen eguneko azken hitzordu honetan ere.

Bi emanaldi horien tartean, Haritik tiraka eta Sin remite ikuskizunak ere eskaini zituzten, Santa Klara elizaren aurrealdean eta Miren Etxabe plazan, hurrenez hurren. Gaur eta bihar jarraituko du jaialdiak, eta ondorengoa da egitaraua:

Gaur, ostirala

  • 19:00. WOOW!, Bruboc (Italia), Amalur parkean.
  • 20:00. Gota, Txema Muñoz (Katalunia), Santa Klara elizaren atarian.
  • 22:00. Sinergia street, Nueveuno (Madril), Zelai Ondon.
  • 23:00. Ni fu ni fa, La buffa (Extremadura), Santa Klara elizaren atarian.

Bihar, larunbata

  • 19:00. Aske, Asvin&Pia (EH), Santa Klara elizaren atarian.
  • 20:30. Otempodiz, Ertza konpainia (EH), Miren Etxabe plazan (Salberdin).
  • 22:00. Kodizia late night, Barsanti (EH), Miren Etxabe plazan (Salberdin).
  • 23:00. Alboroto, Truca circus (Andaluzia), Zelai Ondon.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide