Biribilgunea

Zaindu maite duzun hori

Elaia Aizpurua 2026ko uztailaren 4a

Hainbat lagun elkar helduta. (Artxibokoa)

Elaia Aizpuruak ekaineko Zarautz Guka aldizkarian argitaratutako iritzi artikulua da honakoa.

Sei ordu aurrera eta beste sei atzera, eskerrak denbora ilusio bat soilik dela. Bi urte nindoan Madrilen ikasten duen lagunaren bisita antolatu nahian, zaila da metropolian bizi denarekin asteburuak koadratzea. Madrildik Utrechtera ihes egitera zihoala esan zidan arte ez nuen tren txartelik erosteko nahikoa presa sentitu. Sei ordu aurrera eta beste sei atzera, nolanahi, beharrezkoa balitz bikoitza ere egingo nuke, izatez, hasi naiz dagoeneko Utrechterako hegaldiak eta autobusak begiratzen; eta egia esan, munduari buelta ere ez zait gehiegikeria iruditzen, nire lagunek ez baitute gutxiago merezi: bare minimum edo princess treatment.

Anglizismoek jan digute burua. Anglizismoek, kapitalismoak, adimen artifizialak, eskuinak, sare sozialek, red-pill fenomenoak, trad-wife-n estetikak, i’m just a girl aitzakiak eta anglizismoek berriro. Guztia izendatzeko erdara erabiltzeak badakar nolabaiteko nortasun galera bat, ausaz edo, guztiz bat datorrena izendatzen dituzten gertakariekin. Berriz ere saldu nahi zaigu emakumeok tuntunak garela, azken finean, emakume hutsak baikara; saldu nahi zaigu gizon-emakumeon arteko rolak ongi definitu eta bereiztea dela aberasgarriena guztiontzat, balio handiko emakumeak izan nahi beharko genukeela; saldu nahi zaigu gehiegi eskatzen dugula, ez dugula goi mailako hezkuntzarik behar, ez dugula lagunik behar, zainduko ditugun senarra eta familia soilik. Bi emazteko familia bat ekuaziotik kanpo utzi dute, noski. Ironia eta txantxaz mozorrotuta dabiltza ideia horiek han-hemendik, baina olatu erreakzionarioa ez dabil txantxetan.

Retiro parkean Madrilgo eguzkipean eserita ingurukoak kuxkuxeatzen ari ginela cayetano familia bat ikusi genuen pasieran: dotore jantzitako senar-emazteak eta hiru seme-alaba polodun. Amak haur txikiena zeraman besoetan, beste bat gonari helduta eta hirugarrena "Mami, mira", "Mami, dame", oihuka. Ez dakit haurrak zer ematea nahi zuen edo, baina amak ez zeukan eskurik libre ezer emateko; bitartean, senarra hor. "Zainduko ditugun senarra eta familia soilik" behar omen ditugu, baina nork zainduko gaitu gu?

Behin baino gehiagotan aipatu dut lagunekin gizontxo batek guregatik egingo lukeen gehiengoa, lagun batek edozein astearte arratsaldetan egingo lukeen zera arrunt bat besterik ez litzatekeela. Gizontxo batek ez nau sekula nire lagunek bezain maitatua eta zaindua sentiarazi, eta baliteke gizontxoak gaizki aukeratzean datzala arazoak, baina gizarteak badu halako maitasun hierarkia bat, non bikotea, eta ondorioz maitasun erromantikoak behar duten bizitzaren ardatz, non piramidearen goienean dauden. Ez nator bat bikotearen zentralizazio horrekin, ikusi ditut lagunak, eta eurek ere ikusi naute ni, ilusioz gizontxoren batez hizketan, eta geroxeago gizontxo berdinaren erruz negarrez; hala, guk inongo unetan ez diogu elkarri eskua askatu. Horregatik diot maitasun platonikoa maitasunagoa dela askotan maitasun erromantikoa baino.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide