Zarauzko Udaleko Ingurumen Sailak Eraztun Berde Urdineko doako bisita gidatuak jarri ditu martxan berriz. Bisitek bi eta hiru ordu arteko iraupena izango dute, eta aldi berean euskaraz eta gaztelaniaz eskainiko dira, bi talde osatuz.
Lehen bisita gidatua bihar izango da, 18:00etan hasita. Hezeguneetako ibilbidea egingo dute du, Asti eta Buztinzuriko alisedatik, eta Suhiltzaileen biribilguneko autobus geltokitik abiatuko da. Etzi, berriz, Iñurritzako biotopotik izango da bisita, 10:00etan, Borghettotik abiatuta.
Udan zehar, interpretazio-ibilbideak ere eskainiko dira udalerriko hiru naturgune enblematikoenetatik: Iñurritza, Arkamurka eta Hezeguneak. Ekimen honen bidez, herritarrei natura-ondarea eta ingurune horiek kontserbatzearen garrantziari buruzko sentsibilizazioa hurbilduko zaie. Halaber, bisitatuko dituzten ekosistemei eta Eraztun Berde Urdinari buruzko informazioa banatuko dute parte-hartzaileen artean.
Ibilbide guztietan geldialdiak egingo dira intereseko hainbat puntutan, fauna eta flora behatzeko, bitxikeriak aurkitzeko, eta esperimentu txikietan eta dinamiketan parte hartzeko, besteak beste.
Ostiraletan 18:00etan izango dira bisita gidatuak, Hezegunetako eta Zingira basoko ibilbidea, txandaka. Larunbatetan, aldiz, Iñurritzako biotopoko ibilbidea egingo da bi astean behin, 10:00etan hasita.
Bisita gidatura joan nahi duenak 943-83 09 90 telefonora deitu edota infoturismoa@zarautz.eus helbidera idatzi beharko du. Turismo Bulegoan ere izena emateko aukera izango da.