Datorren asteartean hasiko da Emakumezkoen Paleta Txapelketa

Aritz Mutiozabal 2026ko uztailaren 4a

Emakumezkoen XVII. Pala Txapelketako finala. (Guka)

Zortzi bikotek hartuko dute parte Frontroi Txikiko lehiaketan. Datorren astean, asteartean eta ostegunean, final-laurdenetako lau kanporaketa jokatuko dituzte.

Datorren astean abiatuko dute Frontoi Txikiko Emakumezkoen XVIII. Paleta Txapelketa, eta aurten ere zortzi bikote ariko dira nor baino nor lehian. Final-laurdenak jokatuz ekingo diote lehiaketari, asteartean eta ostegunean, eta jardunaldi bakoitzean bina kanporaketa jokatuko dituzte; Frontoi Txikin bertan izango dira partidak, 18:30ean hasita.

Asteartean, uztailaren 7an, Alaitz Seoanek eta Leire Paredesek Ione Azkoagaren eta Vero Davilaren aurka neurtuko dituzte indarrak. Ondoren, Lorea Laburu eta Miren Lertxundi lehiatuko dira Ane Campos eta Karmele Martinezen aurka. Ostegunean, hilaren 9an, Saioa Iraolak eta Maialen Manterolak jokatuko dute Jone Iruretagoienaren eta Mireia Aizpururen aurka, lehen partidan; eta Leire Zubiaurrek eta Yune Yerobik Marene Aranbarriren eta Lide Mendizabalen kontra, bigarrenean.

Hasierako kanporaketa gainditzen duten lau bikoteek uztailaren 14an jokatuko dituzte finalerdiak, eta bi egun geroago, uztailaren 16an, hirugarren eta laugarren postuak eta final nagusia. Iaz Naiara eta Eneritz Mitxelena ahizpa oiartzuarrek irabazi zuten txapelketa, baina aurten ez dute parte hartuko.

 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide