Bainatzea baimendu dute Zarauzko hondartzan

Juan Luis Romatet 2026ko uztailaren 2a

Zarauzko hondartzako irudia gaur goizean. (Aritz Mutiozabal)

Egindako azken analisiek erakutsi dute uraren kalitateak irizpide guztiak betetzen dituela, eta, ondorioz, Osasun Sailak herenegun ezarritako bainatzeko debekua bertan behera utzi du.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak bertan behera utzi du Zarauzko eta Zumaiako Santiago hondartzetan bainatzeko debekua. Bi hondartza horietako urari egindako azken analisien arabera, kalitate aldetik irizpide mikrobiologiko guztiak betetzen dituzte bi hareatzek, eta, beraz, baimendu egin du haietan bainatzea. 

Osasun Sailak euskal kostaldeko hondartza batzuetan bainatzea debekatu zuen pasa den asteartean. Horien artean ziren Zarauzkoa eta Zumaiako Santiago hondartzan; eskualdeko beste hondartzetan, aldiz, ez zuen debeku hori ezarri. Egindako analisiek ondorioztatu zuten debekua jasotako hondartzetako urak ez zuela betetzen ezarritako kalitate irizpide mikrobiologikoa. Atzo ere ez bainatzeko gomendioak indarrean jarraitu zuen, baina gaur goizean debekua bertan behera uztea erabaki du Jaurlaritzako departamentuak. 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide