Beste urte batez, Zarauzko Musika Plazak hartuko du Aristerrazuko erromerien lekukoa, eta denboraldi betea antolatu dute datozen bi hilabeteetarako. Asteburu honetan ekingo diete udako trikiti emanaldiei, eta erromeriazaleek dantzan eginez gozatzeko hitzordu paregabea izango dute igandero, 19:30etik aurrera.
Guztira, bederatzi saio eskainiko dituzte, eta iaz bezala, Ansorregi eta Larrañaga igoko dira oholtzara estreinako emanaldian. Gainerako hitzorduetan ondorengo musikariak ariko dira: uztailaren 12an, Gorka Valdes, Alaitz Roteta eta Ainara Saizar hirukotea; uztailaren 19an, Miren, Agur, Arkaitz eta Maddalen; uztailaren 26an, Lurdes Alkorta, Zabale eta Lutxurdio; uztailaren 31n, Oilar beltzak eta Intxausti eta Larrañaga; abuztuaren 2an, Garixe, Lanberri eta Aldalur; abuztuaren 9an, Laja, Izer eta Alabier; abuztuaren 23an, Elustondo anai-arrebak; eta abuztuaren 30ean, azkenik, Imanol Astiasaran eta Unai Andonegi.