Dozena bat ikuskizunen agertoki bihurtuko dira bihartik larunbatera Zarauzko kaleak, txokoak eta plazak, Kalerki jaialdiaren 33. edizioa tarteko. Euskal Herriko zein atzerriko konpainien eskutik, askotariko proposamenak izango dira ikusgai: antzerkia, clowna, dantza, magia, zirkua... Gainera, estreinaldi bat ere izango da jaialdian: Barsanti konpainiak Kodizia late night emanaldia aurkeztuko du larunbatean, 22:00etan hasita, Salberdingo Miren Etxabe plazan.
Antzezlanaren izenburuak iragartzen duen moduan, gaueko telebista saio baten formatua du obrak, eta denboran eta historian zehar bidaia bat proposatuko du konpainiak, kodiziarekin edo diru gosearekin zerikusia izan duten pertsonaiak aurkeztuz. Era berean, bi pertsonaiaren arteko istorioa kontatuko dute, non pertsonaietako batek bestearengan eragina izango duen. Oinarrian "osasun publikoaren eta pribatuaren arteko talka" islatu nahi dutela adierazi du Barsantiko kide Aritza Rodriguezek: "Azken finean, diru gosea da gakoa; osasun pribatuak nola jolasten duen jendearen osasunarekin, hori guztia nola bihurtzen den produktu eta nola merkantilizatzen den".
Rodriguezek aurreratu duenez, antzezlaneko bi pertsonaien arteko istorioa "tragikomedia greko baten moduan" planteatu dute: "Kontakizun garaikide batetik hasiko gara, baina istorioak aurrera egin ahala, drama bilakatuko da, eta azkenean, tragedia itxura hartuko du". Edonola ere, azken txapan "berriro aldatuko" da kontakizunaren aldartea, umore ukituarekin zipriztinduko baitute.
Barsanti konpainia 2017an sortu zen, eta hasieratik gizarte gaiak landu dituzte komediaren bidez. "Egia esan, Kodizia late night izan daiteke komikotasun gutxien daukan lana. Nahiko dramatikoa da eta ukitu tragikoa ere badu, baina gure ikuskizunetan beti dago umorea", nabarmendu du Rodriguezek. Agian, arrazoi horregatik edo, gaueko testuinguaruan kokatu dute antzezlana, eta emanaldia bera ere iluntzean eskainiko dute. "Orain arte ondu ditugun obrak familia osoarentzat izan dira, mundu guztiak ikusteko modukoak, eta hau nagusiei bideratuta dago batez ere. Umeek ikus dezakete, baina horiek gurasoekin edo pertsona helduekin etortzea gomendatzen dugu", gaineratu du aktoreak.
Barsanti taldeko hiru kideak ariko dira aktore lanetan gaueko telebista saio berezian: Juanjo Otero, Pako Revueltas eta Aritza Rodriguez bera, hain zuzen ere. Hirukoteak Javi Candela soinu teknikaria izango du lagun emanaldian; hark ikuskizunaren zatitxo batean ere parte hartuko du.
Jendaurrean probatu
Aurkezpen ofiziala larunbatekoa izango bada ere, aurrestreinaldi bat egin zuten Zaldibarren (Bizkaia) maiatzaren 29an. "Izan ere, beti gustatzen zaigu probatzea jendaurrean nola funtzionatzen duten gauzek", nabarmendu du antzerkigileak. "Lehen emanaldi hura ongi joan zen. Guk zalantza batzuk bagenituen, batik bat obrak testu dezente duelako, baina, egia esan, oso ongi funtzionatu zuen". Beraz, dena prest dute estreinaldirako.
Edizio honetakoa ez da Barsanti konpainiak Kalerki jaialdian parte hartuko duen lehen aldia. Taldekideak aurrez ere ibiliak dira herriko kaleak girotzen beste bi ikuskizunekin: 2018an, Kale gorrian lana aurkeztu zuten eta 2022an, berriz, Akabo izenekoa. Kodizia late night konpainiaren ibilbideko bosgarren antzezlana da, eta ez dute zalantzarik egin estreinaldirako Zarautz "plaza ona" izango dela esaterakoan. Etxean bezala ariko direla azaldu du Rodriguezek: "Ez zaigu arrotza egiten Kalerki. Ongi ezagutzen dugu, eta Barsantirekin ez ezik, aurretik beste konpainia batzuekin ere aritutakoa naiz ni bertan".
Egitaraua
Uztailak 2, osteguna
- 19:00. Karrusel ibiltaria, Tiritirantes circo teatro (Burgos), Amalur parkean.
- 20:00. Haritik tiraka, Bitsa konpainia (EH), Santa Klara elizaren atarian.
- 20:45. Sin remite, Jean Philippe Kikolas (Burgos), Miren Etxabe plazan (Salberdin).
- 22:00. IOI, Haatik dantza konpainia (EH), Malekoian.
Uztailak 3, ostirala
- 19:00. WOOW!, Bruboc (Italia), Amalur parkean.
- 20:00. Gota, Txema Muñoz (Katalunia), Santa Klara elizaren atarian.
- 22:00. Sinergia street, Nueveuno (Madril), Zelai Ondon.
- 23:00. Ni fu ni fa, La buffa (Extremadura), Santa Klara elizaren atarian.
Uztailak 4, larunbata
- 19:00. Aske, Asvin&Pia (EH), Santa Klara elizaren atarian.
- 20:30. Otempodiz, Ertza konpainia (EH), Miren Etxabe plazan (Salberdin).
- 22:00. Kodizia late night, Barsanti (EH), Miren Etxabe plazan (Salberdin).
- 23:00. Alboroto, Truca circus (Andaluzia), Zelai Ondon.