Etzi hasiko da Arranopola, Arranoko gitarra jotzaileen kontzertuarekin

Ekaitz Etxabe 2026ko ekainaren 30a

Pasa den urteko Arranoko gitarjoleen kontzertua. (Arranopola)

Arranoko gitarra jotzaileek emango diote hasiera, aurten ere, Arranopola kultur ekimenari. 20:00etan hasiko da kontzertua, etzi, Arrano tabernaren kanpoko agertokian.

Aurtengo uztailean eta abuztuan ere Arranopola kultur ekimenaz gozatzeko aukera izango da Zarauzko Arrano tabernaren kanpoko agertokian. Etzi hasi, eta abuztuak 27ra bitartean, ostegunero kontzertu bat egongo da Arranoko terrazan. Emanaldi guztiak 20:00etan hasiko dira. Gainera, Arrano tabernak jakinarazi duenez, tabernan ere eskaintza berezia egongo da egun hauetan: patata errazioak eskainiko dira eta, pintxo aukera zabalaz gain, afaltzeko karta berritua ere izango da.

Aurten ere, Arranoko gitarra jotzaileen kontzertuarekin emango diote hasiera ekimenari. Urtean zehar, astero gitarra jotzen ikasteko biltzen den taldea da, hasiberri nahiz beteranoez osatua, eta Arranopolako emanaldirako prestatu duten emanaldia eskainiko dute etzi.

Uztailaren 9an Mugan talde donostiarrararen txanda izango da. Uztailaren 16an, berriz, Kak laukoteak rock, punk eta post-punk doinuak eskainiko ditu. Hilaren 23an Ramona's First Evil Boyfriend hirukote azkoitiarrak girotuko du Musika Plaza eta, uztaila agurtzeko,  Libe Kortazarrek eta Jon Basagurenek eskainiko dute kontzertua hilaren 30ean.

Abuztua, berriz, Kaskezur laukote beteranoak irekiko du hilaren 6an. Abuztuaren 13an Mihise hirukote usurbildarraren doinuak entzuteko aukera egongo da. Physis Versus Nomos taldearen doinu lasai eta melodikoen txanda izango da abuztuaren 20an eta, azkenik, Ainhoa Urteaga zumaiarrak eskainiko du aurtengo Arranopolako azken kontzertua.

Honakoa da, beraz, aurtengo Arranopola kultur ekimenaren egitaraua:

  • Uztailak 2: Arranoko gitarra jotzaileak.
  • Uztailak 9: Mugan.
  • Uztailak 16: Kak.
  • Uztailak 23: Ramona's First Evil Boyfriend.
  • Uztailak 30: Libe Kortazar eta Jon Basaguren.
  • Abuztuak 6: Kaskezur.
  • Abuztuak 13: Mihise.
  • Abuztuak 20: Physis Versus Nomos.
  • Abuztuak 27: Ainhoa Urteaga.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide