Beste behin, nazioarteko txapelketa batean eskubaloi jokalari zarauztarrak ikusteko aukera izango da. Nagore Alza, Elene Fresco eta Nora merino jubenil mailako Espainiako eskubaloi selekzioarekin deituak izan dira, uztailaren 17tik 19ra bitartean Nazioarteko Txapelketa jokatzeko, Ciudad Realen (Espainia). Alzak eta Merinok Zarauzko eskubaloi klubean jokatzen dute gaur egun eta, Frescok, berriz, Bera Beran. Zarauzko eskubaloi klubeko jokalaria den Lide Arrizabalaga zumaiarra ere deialdian izango da.
Uztailaren 17an, 20:00etan, Turkiaren aurka jokatuko dute; uztailaren 18an, ordu berean, Kanadaren aurka eta, azkenik, uztailaren 19an, ordu berean Frantziaren aurka. Uztailaren 24an Munduko Txapelketa hasiko da, Errumanian. Oraindik Munduko Txapelketa nork jokatuko duen ez badakite ere, Nazioarteko Txapelketa ongi etorriko zaie motorrak berotzen hasteko.