Euriak ez ditu zarauztarrak kikildu, eta sanpelaioetako azken egunean eguraldi txarrari irribarre egitea hautatu dute. Ordu gutxi batzuk falta dira jaiak amaitzeko, eta indarrak bukatzen badoaz ere, azken unera arte aprobetxatu nahi dute herritarrek. Gaur arratsaldean Iñurritzan bi jarduera nagusi izan dira bertaratu direnen gozagarri.
Batetik, herri kirol erakustaldia egin dute 19:00etan, Joseba Ostolaza harri eskolaren eskutik. Bertan, Aratz Zubeldia Munantxo, Oier Azpeitia, Imanol Royo Lartain eta Udane Ostolaza aritu dira harrijasotzen, eta Xabat Olaizola eta Beñat Telleria aizkoran.
Bestetik, 20:00etan parrillada egin dute Iñurritzako txosnaren ondoan, Auzoak Bizirik taldearen eskutik. Txerri saiheskiak eta oilasko hegoak egin dituzte, herritarrak festen amaierara energiaz beteta iristeko. Euria ez da oztopoa izan herritarrentzat jaien azken orduak aprobetxatzeko.
Hona hemen jaien azken orduetako egitaraua:
Gaur, igandea
- 22:00. Iñurritzako zelaian kontzertuak: Alarma Morea, Putzu Beltzean eta Bide Batez.
- 00:00. Iñurritzan, Bandera jaistea, eta festen amaierako txupinazoa.