San Pelaio jaiak direla eta, bi egun lehenago egin zuten ekaineko osoko bilkura. Atzo arratsaldean izan zen, beroaldi betean, udaletxeko pleno aretoan. Bertan, hainbat gai eztabaidatu zituzten, tartean 50.000 euroko kreditu aldaketa onartzea eta Zarauzko Udalaren zerbitzu energetikoak eta argiteria publikoaren berme osoko mantentzea.
Lehen horri dagokionez, 50.000 euroko kreditu aldaketa proposatu zuen EAJk. Batetik, 2.000 euro Shelter surf eskolari bideratzea proposatu zuen eta, bestetik, 48.000 euro Turismo departamenduari.
EH Bildu mozioaren aurka agertu zen. Itziar Murua EH Bilduko zinegotziak azaldu zuenaren arabera, 2.000 euro Shelter surf eskolari bideratzea "positiboa" iruditzen zaie, "surf egokitua bezalako balio sozial handiko jarduera bat sustatzen duelako". Kreditu aldaketaren beste zatiarekin, ordea, ez zen batere ados agertu. Muruaren esanetan, EH Bilduk ez du ikusten 48.000 euro Turismo departamendura bideratzeko arrazoirik. "Txosten tekniko baten arabera, diru hori Gabonetako egitasmoa indartzeko erabiliko da, eta guk ez dugu beharrik ikusten", esan zuen Muruak. Diru hori Gabonak Zarautzen programa indartzera bideratzearen aurka agertu zen EH Bildu, Gabonetan ez baitzuten izan "arrakastatsua izan zenaren sentsaziorik".
Gauzak horrela, Gabonak Zarautzen egitasmoa kritikatu zuen EH Bilduk. "Zarautz ez da Ipar Europako herri bat, beraz, ez dugu ikusten leku haietako merkatu eredua kopiatu beharrik. Orekatua, jasangarria eta herritarren ongizatea erdigunean jarriko dituen turismoa da defendatzen duguna", mintzatu zen Murua.
Horrez gain, 2026. urtean Turismo sailaren aurrekontua %15,2 hazi dela nabarmendu zuen Muruak, "aurrekontu orokorra %2,77 baino ez denean handitu". Beraz, EH Bilduk "ez du arrazoirik ikusten beste 48.000 euro horra bideratzeko".
Muruari erantzuteko, Xabier Txurruka alkateak hartu zuen hitza. Europa "osoko" merkatu eredua dela esan zuen, "ez Ipar Europakoa bakarrik". Pasa den urteko Gabonetako merkatuak "harrera ona" izan zuela azpimarratu zuen, bertan parte hartu zutenekin egindako bileretan oinarrituta. "Ideia polita iruditzen zitzaiela esan ziguten, baina Zarautzen, abenduan, gune estali bat behar dela helarazi ziguten", azaldu zuen Txurrukak. Aurtengo Gabonetako merkatua "estalita" egongo dela baieztatu zuen: "Karparen barruan antolatuko dugu festa, eta izotz pista bat ere jarriko dugu, zarauztarren gozagarri".
Gainera, Turismo Bulegoak ekimen "ugari" antolatzen dituela nabarmendu zuen Txurrukak. Horrekin batera, aurtengo Aste Nagusia "inoizko luzeena" izango dela iragarri zuen, "abuztuaren 14tik 23ra", alegia. Bertan, "lehen mailako kontzertuak" egongo direla azpimarratu zuen. Zarauzko estropadak, erromeriak eta Lege Zaharren Enparantzako herri kirol jarduerak ere Turismo Bulegoak antolatzen dituela baieztatu zuen, "eta horiek guztiak zarauztarrentzat dira". Azkenean, proposamena EAJren eta PSE-EEren aldeko 11 botoekin onartu zuten.
Argiteriaren mantentzearen baldintzak ere, onartuta
Zarauzko Udalaren zerbitzu energetikoak eta argiteria publikoaren berme osoko mantentzearen gaia Iban San Martin Obra eta Zerbitzuetako zinegotziak azaldu zuen. San Martinen hitzetan, EAJren helburua "trantsizio ekologikoan, jasangarritasunean eta herritarren ongizatean sakonduko duen herri eredu bat sortzea" da. Gauzak horrela, herriko instalazioak eta zerbitzuak modernizatzea "ezinbestekoa" dela esan zuen, eta herri osoko argiteria publikoko luminariak aldatzeko kontratua aurkeztu zuen. Kontratuak lau prestazio nagusi biltzen ditu: batetik, udalaren kudeaketa energetiko osoa; bestetik, prebentziozko mantentze lanak; hirugarrenik, instalazioen berme osoa; eta, azkenik, herri guztiko luminaria aldatzea.
Gainera, herrian 3.285 luminaria daudela azaldu zuen, baina horietatik 606 soilik direla LED teknologiadunak. Beraz, esku hartze horren ondoren, luminaria guztia LED teknologiaduna jarriko dutela baieztatu zuen, "argiztapenaren kalitatea hobetuz, herritarren segurtasuna bermatuz, kontsumo energetikoa jaitsiz eta ingurumenari mesedea eginez".
San Martinen azalpenaren aurrean, EH Bilduko kide Ion Arozenak hartu zuen hitza. Azaldu zuen murrizketa energetikoak egitea "oso garrantzitsua" dela, beraz, luminariak aldatzea "positiboa" iruditzen zaiela. Hala ere, "komunitate energetikoak sustatzea eta autokontsumorako energia berriztagarrien instalazio publikoak egitea" faltan sumatzen dute, "gauza bat kontsumoa murriztea delako, eta beste bat energia berriztagarriak erabiltzea".
Arozenari erantzuteko ardura Txurrukak hartu zuen, eta "lehenbailehen" Garbigunea irekitzeko eskatu zion, "irekiko" zutela esan zutenetik "bi urte eta erdi" pasatu direlako. Horren aurrean, Arozenak klima aldaketa eta energiaren plan bat "onartzea" eskatu zion alkateari. Hala ere, gehiengo osoz izan zen onartua argiteria berriaren mozioa.
Foruen abolizioaren eta Alkateen Mugimenduaren mozioa
Foruen abolizioaren 150. urteurrena eta Alkateen Mugimenduaren 50. urteurrena direla eta, EAJk eta EH Bilduk mozioa aurkeztu zuten. EAJko bozeramaile Garbiñe Oiarbidek eta EH Bilduko zinegotzi Garazi Olaizolak azaldu zuten mozioak zertan datzan. Oiarbidek adierazi zuenez, gaurko auziek "gaurko tresnak" eskatzen dituzte, eta Euskal Herriak autogobernu eta burujabetza "handiagoa" behar du, "bere etorkizuna eta bere herritarren borondate demokratikoaren arabera" antolatzeko. "Horregatik, oroimen historikoaren aitortzak gaur egungo autogobernuaren inguruko eztabaida politiko eta instituzionala elikatu behar du", gaineratu zuen. Olaizolak, bere aldetik, nabarmendu zuen udalak "bat egiten" duela Alkate Mugimenduaren 50. urteurrenaren eta Foruen abolizioaren 150. urteurrenaren "oroitzapenarekin", eta bi efemeride horien garrantzi historiko, politiko eta instituzionala "aitortzen" duela.
Oiarbideren eta Olaizolaren azalpenen aurrean, PSE-EEko bozeramaile eta udaleko Kirol zinegotzi Inaxio Illarramendik hartu zuen hitza. Illarramendik mozioak benetan "zertarako" balio duen galdetu zien Oiarbideri eta Olaizolari. Gainera, 2027ko hauteskundeak direla eta, mozioa bien artean "euskaldunagoa nor den" erakusteko erabili nahi dutela leporatu zien zinegotziak bi udal taldeei.
Azkenean, mozioa onartu egin zuten, aldeko 18 botorekin, eta kontrako 2 botorekin. Bi urteurren horien harira, Euskal Herriko udaletako ordezkariek uztailaren 19an Bergaran egingo dute ekitaldi politiko-instituizionala.