130 ekitalditik gora izango dira uztailean eta abuztuan Zarautzen

Enara Ariznabarreta 2026ko ekainaren 29a

Xabier Txurruka alkatea eta Irune Urbieta kultura, gazteria eta hezkuntza zinegiotzia. (Zarauzko Udala)

Udako egitaraua aurkeztu dute Zarauzko Udalak Malekoian. Urtero bezala, denetarik izango da, eta 130 ekitalditik gora izango dira uztaila eta abuztua bitartean. Aste Nagusian Olaia Inziarte, Neomak, Janus Lester, Seguridad Social, Leire Martinez eta Puro Relajo ariko dira zuzenean.

San Pelaio jaien azken txanparekin batera, Zarauzko Udalak uztailerako eta abuzturako antolatu duen eguitaraua auzkeztu dute Xabier Txurruka alkateak eta Irune Urbieta kultur zinegotziak Malekoian. Zarauzko kale eta plazak "giro onez, ikuskizunez eta musikaz beteko" direla nabarmendu du udalak, "haur, nerabe, gazte zein helduentzako prestaturiko egitarau oparoarekin".

Udako programa zarauztar guztien etxeetara iritsiko da posta bidez astelehenetik aurrera, "guztiok eskura edukitzeko gure herrian antolatuko diren ekitaldi guztien berri".

Udalak aditzera eman duenez, 130 ekitalditik gora izango dira uztaila eta abuztua bitartean, eta hauetako asko udaleko departamentu desberdinek antolaturik daude, hala nola, herriko hainbat eragile, klub eta jai-batzordek. "Nire eskerrik beroenak eman nahi dizkiet ekitaldi hauen eta herriko auzoetako festen antolakuntzan inplikatzen zareten zarauztarroi. Zalantzarik gabe, Zarauzko udarak aho-zapore gozoa eta une ahaztezinak utziko dizkigu denoi”, azpimarratu du Xabier Txurruka alkateak.

"Egitarauan urtero errepikatzen diren eta Zarauzko udan oso erroturik dauden ekitaldiak" daudela azaldu dute. Kultur egitaraua Kalerki kaleko antzerki jaialdiarekin hasiko da, uztaileko lehen asteburuan, uztailaren 2tik 4era. Txaparrotan ere izango da, uztailaren 4tik 5era, eta 11tik 12ra. Halaber, 31ean Los 40 Summer Live jaialdiaz gozatzeko aukera izango da. Uztailan zehar beste hainbat ekitaldi ere izango dira: ostegunetako herri kirol jaialdiak, udako musikaldia, igandetako udako erromeriak, zezen puzgarrien entzierroa, Frontoi Txikiko pilota txapelketak, Bertso Astea, Getaria-Zarautz itsas-zeharkaldia edo auzoetako jaiak, esaterako. 

Aste nagusia

Txurrukak eta Urbietak jakitera eman dutenez, "aurten, Zarauzko Aste Nagusia abuztuaren 14tik 23ra ospatuko dute, Donostiakoaren eta Bilbokoaren artean geratzen den tarteko astean". Su artifizialen erakustaldiak abuztuaren 15ean eta 16an izango dira, lehen mailako pilota txapelketako partidak bi igandetan, 16 eta 23an, eta Zarauzko Estropadak 22an eta 23an.

Artista paregabeak igoko dira Damako eszenatokira 17tik 22ra, eta aukera zabalaz gozatzeko aukera izango da: Olaia Inziarte, Neomak, Janus Lester, Seguridad Social, Leire Martinez eta Puro Relajo, esaterako. Alkateak nabarmendu du urtero egin ohi duten moduan, "adin-talde guztietara iristea nahiko genukeen kartela osatu" dutela. 

Honako hauek izango dira Malekoiko kontzertuak:

Abuztuak 17, 

  • 22:00. Gaztea gaua: Olaia Inziarte, Zeatik Ez eta bertako talde gonbidatua.

Abuztuak 18

  • 23:00. Neomak.

Abuztuak 19

  • 22:00. Janus Lester.

Abuztuak 20

  • 23:00. Seguridad Social.

Abuztuak 21

  • 23:00. Puro Relajo.

Abuztuak 22

  • 23:00. Leire Martinez.

 

 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide