Sardina jana, batukada eta sua, San Joan bezpera ospatzeko

Intza Trula eta Ekaitz Etxabe 2026ko ekainaren 24a

Urtero legez, San Joan sua piztu zuten atzo iluntzean Mitxelenan. Sua itzaltzeko erabili zuten mangera berarekin freskatu zituzten herritarrak beroari aurre egiteko. Aurretik, sabela betetzeko aukera izan zen Zelai Ondoko kantxan, sardina janean, eta batukada feministak girotu zuen ingurua.

Azken egunotako beroaldiak kolokan jarri zituen atzo herri ugaritako San Joan suak. Horietako askok, ordea, aurrera egin zuten, eta herritarrek suaren bueltan dantzan eta kantuan ospatu ahal izan zuten San Joan bezpera. Zarauzko Mitxelenako zabalgunea izan zen piztu zuten guneetako bat, hain justu.

Zelai Ondoko festen barruko azken hitzordua izan ohi da Mitxelenako San Joan sua, eta bertako jai batzordeko kideek izaten dute hura pizteko ardura. Atzokoan ere horrela izan zen, eta jendetza batu zuen ekitaldiak. Aurreikusi moduan, 22:00 aldera piztu zuten sua bertan, eta aurretik Uxue Alkortak eta Unai Lizasok bina bertso kantatu zituzten atarikoan.

Sugarrak zabalgunea argiztatzen zuen heinean, dantzariek hartu zuten eremua, emanaldia eskaintzeko. Goizeko Ihintza txistulari taldearen laguntzarekin dantzatu zuten. Amaitzean, bero handia zuten bai herritarrak eta baita dantzariek ere, baina erraz freskatu zuten egoera: sua itzaltzeko mangera berarekin busti zituzten herritarrak.

Hala eta guztiz ere, festa ordu batzuk lehenago hasi zen Zarautzen, Zelai Ondo auzoko kantxan. Sardina errea eskaini zieten bertaratutako guztiei, sabela betetzeko. Batukada feminista batu zen jarraian festara, eta guztiek elkarrekin egin zuten Mitxelenarako bidea, San Joan sura.

(Argazkiak: Ekaitz Etxabe)

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide