Erreportajeak

Herri nortasuna emate aldera

Aritz Mutiozabal eta Usua Garin 2026ko ekainaren 24a

San Pelaio bezperako helduen danborradak 25 urte beteko ditu eta udalak egitasmoa sustatu zuten protagonistak omenduko ditu jaien hasieran.

Gustura daude. Apur bat urduri, gero eta gutxiago geratzen delako egun handirako. Emozioak pil-pilean izango dituztela aurreikusten dute, halako omenaldi bat beti delako berezia. Bihar, San Pelaio bezperan, ekainaren 25eko gauean, 25 urte beteko dira elkarteek antolatutako helduen lehen danborrada kalera irten zela, eta sasoi hartako sustatzaileei aitortza egingo diete. Beraz, 2001eko lehen danborrada hartan parte hartu zuten lau elkarteetako antolatzaileak gonbidatuko ditu Zarauzko Udalak aurtengo festak hasteko: Arkaitz Mendi elkarteko Iñaki Olazabal Paxo, Hilario Beizama eta Pedro Mari Silvan; Zurbaran elkarteko Santi Negueruela; Urpekoak elkarteko Karlos Etxarte; eta Carballeira elkarteko Maria Jesus Sanchez, Jorge Asorey zenaren oroimenez.

Era berean, Zarauzko Turismo Bulegoko zuzendari izandako Ana Mari Esnali San Pelaio Makila emango diote aurten elkarteek, hainbeste urtez danborradan egindako lana eskertzeko. "Hunkituta nago, eta bihotzeraino iritsi zait", aitortu du Esnalek. "Hasiera guztiak zailak izan ohi dira, dena martxan jartzea ez da erraza, eta poz handia ematen dit haiek pentsatzea nire laguntza baliagarria izan zitzaiela".

Santa Marinatik herrira

Sanpelaioetako helduen danborradaren lehen hazia Arkaitz Mendi elkartean dago. "Santa Marina kaleko jaietan jende faltan zebiltzan, eta Arkaitz Mendiko kideoi laguntza eskatu ziguten danborrada antolatzeko. Baiezkoa eman genien, eta, oso ongi atera zenez, pentsatu genuen herrira zabaltzea", azaldu du Pedro Mari Silvanek. Hala, bilerak egiten hasi ziren, eta herriko beste hiru elkarterekin –Urpekoak, Zurbaran eta Carballeira– bat eginik, jai bezperan irtetea adostu zuten 2000. urtean. Baina urte hartan irteteko bizkorregi zela eta, urtebetez atzeratzea erabaki zuten lehen agerraldia; hartara, urte osoa izan zuten dena ongi antolatzeko.

"Gauza berria zen, eta ikusten genuen festari ekarpena egiten geniola elkarteok. Herri nortasuna eman nahi genion", nabarmendu du Silvanek. Hasiera guztietan izaten da harrera nolakoa izango den zalantza, danborradarenean ere bai, baina egindako ahaleginak "bere fruitua" eman zuela dio Urpekoak elkarteko Karlos Etxartek. Jendearen emozioaz oroitzen da, zer-nolako giro ederra sortu zen egitasmoaren aurreko entseguetan zein egunean bertan. "Poz ikaragarria eman zidan. Betidanik izan dut gustuko musika, atabalaria izan bainaiz, eta plaza beteta ikustea sekulakoa izan zen".

Lehen aldi hartan leporaino zegoen Lege Zaharren Enparantza, baina sasoi hartan artean udaletxera arrautzak botatzeko ohitura zeukan jendeak, eta danbor jotzaileek egoera horri egin behar izaten zioten aurre. “Lehenengo urteak gogor samarrak izan ziren. Danborra jotzen genuenean, jendeak arrautzak botatzen zituen, eta udalaren ideia zen gu jartzea udaletxearen eta ikusleen artean. Guk ezetz erantzun genien; jotzekotan, atzean joko genuela, Lege Zaharren Enparantzan, eta hala ere, arrautza dezente iristen ziren gugana eta musikariengana”, oroitu du Hilario Beizamak. Joera hori hiruzpalau urtetan desagertu zela kontatu du Arkaitz Mendi elkarteko Iñaki Olazabal Paxo-k. "Danborradak gora egin ahala eta taldeak ugaritzen joan ziren heinean, festa gailentzea lortu genuen".

Lau elkarterekin hasi zen festa, eta aurten hamabost talde izango dira kalez kale ariko direnak; talde bakoitzean batez beste 30 kide inguru izanik, 450 lagun aterako dira denera danborradan. Estreinako aldian, 129 lagunek hartu zuten parte, bi zuzendarirekin: Elias Azpiroz eta Paxo bera: "Une hunkigarria bezain inportantea izan zen niretzat".

Begoña Rey eta Maria Jesus Sanchez Carballeirako kideak dira, eta 2001. urteko lehen ekitaldi hartan izan ziren. “Oroitzapen ugari ditugu danborradan irtendako urte hauetan guztietan bizitakoaz. Ilusio handiarekin bizi ditugu herriko jaiak, eta nik urduritasun puntutxo bat badut urteurrena dela eta”, azaldu du Reyk. Festei hasiera ematea ohore bat izango dela azpimarratu du Sanchezek, eta momentuaz gozatu nahi duela. Bikoteak harrotasunez gogoratu du danborradak izan zuen estreinako emakume zuzendaria Eli Larrañaga izan zela eta Carballeiraren izenean atera zela hura, 2004an.

Elkarteen jantziak

Lehen danborradarako, elkarte bakoitzak aukeratu zuen egokien iruditu zitzaion jantzia: Urpekoakek arrantzalearena, Arkaitz Mendik Zarauzko traineruari ohore egiten dion zapi urdina, Zurbaranek Extremadurako banderako koloreak aintzat hartzen zituena, eta Carballeirak Galiziakoa aintzat hartzen zituena. Gerora, beste pauso batzuk eman zituztela kontatu du Santi Neguerela Zurbaraneko kideak: "Udalarekin bilerak egin ondoren, adostu genuen urtero bi talderi arropak egiteko diru laguntzak jasotzea, eta horrela osatu genituen hamabost jantziak".

Helduen danborradaren hastapenetan eztabaida pare bat ere sortu ziren. Batetik, kezka eragin zuen haurren danborradako antolatzaileen artean elkarteenak, “protagonismoa kenduko” zielakoan. “Ez zeukala zerikusirik esan genien. Ezberdinak zirela, bata helduena eta bestea haurrena. Gorabehera batzuk izan genituen, baina segituan moldatu ginen. Elkarren osagarriak dira bi danborradak”, gaineratu du Beizamak. Bestetik, Pelaio, Pelaio ereserkiak ere eman zuen ika-mikarako gaia. Helduen danborradaren lehen bi urteetan, danborrak eta barrikak astinduz jo zuten ereserkia, baina Urpekoak elkarteko kideek gogoan dute 2003rako utzi egin ziotela jotzeari. Izan ere, herriko musikari batzuek ez zuten egoki ikusten ereserkia danborrekin jotzea; haientzat "sakrilegioa" zen eta, harrezkero, ez dute berriro Pelaio, Pelaio jo. Ereserkiak ereserki, danborradak errepertorio zabala du, eta elkarteek beti bezain alai eskainiko dituzte ohiko piezak bihar, festak erritmoa ezin hobearekin ospatzeko.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide