San Pelaio jaiak direla eta, prebentziorako hainbat errekurtso jarriko ditu martxan Zarauzko Udalak Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzaren babesarekin. Herritarrak sentsibilizatzea eta kontsumoei lotutako arriskuak murriztea dira kanpainaren helburu nagusiak.
Batetik, arriskuen murrizketarako Testing zerbitzua eskainiko du Ai Laket! elkarteak. Ekintza honen helburu nagusia aisialdi guneetako droga kontsumoaren arriskuak gutxitzea da: hainbat motatako substantziak kontsumitzeak izan ditzakeen arriskuei buruz sentsibilizatzea, kontsumo arriskutsuak murriztea eta hainbat substantziaren kontsumoan arriskuak murrizteko neurriak ezagutaraztea eta kontsumoaren arrazoien, helburuen, plazerren eta arriskuen kudeaketaren hausnarketa sustatzea. Zerbitzu hau ostegunean eskainiko dute, 00:00etatik 03:00etara, Zarauzko Malekoian.
Bestetik, GARAIA osasunaren sustapenerako elkarteak alkoholaren kontsumoaren arriskuak prebenitzeko eta murrizteko zerbitzua eskainiko du. Ekimenaren helburu nagusia alkoholaren gehiegizko kontsumoari normaltasuna kentzea da: alkoholari buruzko informazio ematea eta komunitatea sentsibilizatzea, portaera osasungarriak sustatzea, kontsumoei lotutako arriskuak murriztea eta nerabe eta gazteei kontsumoen inguruko prebentzio aholkuak ematea. Zerbitzu hau ibiltaria izango da, eta ostiralean eskainiko dute, 23:00etatik 02:00etara.