Azken aurreko festa egunaz ere ederki gozatu dute Zelai Ondon

Onintza Lete Arrieta 2026ko ekainaren 22a

Bola eta toka txapelketa eta kros txikia egin zituzten eguerdian auzoan, eta gaurko atseden egunaren ondoren, bihar iluntzean amaituko dituzte jaiak, suaren bueltan. 

Ostiralean hasi zituzten festak Zelai Ondon, eta egunero hamaika ekintzaz gozatzeko aukera izan dute auzotarrek nahiz zarauztarrek. Atzo, esaterako, kirolak izan zuen protagonismoa goiz-eguerdi partean, Andres Illarramendiren Omenezko Bola eta Toka Txapelketa egin baitzuten aurrena, eta auzoko kros txikia, gero.

Goizeko Ihintza txistularien kalejira eta auzo bazkaria ere izan ziren atzokoan. 

Indarrak hartzeko eguna izango dute gaurkoa, eta bihar amaituko dituzte jaiak, iluntzerako antolatutako sardina jana, batukada eta San Joan suarekin. Antonio Aranzabal zenaren zelaian egingo dute sua, 22:00etan. Bi ordu lehenago izango da, berriz, sardin jana. 

Txapelketako irabazleak

Zelai Ondoko festa batzordeak aurten ere saritu ditu kros txikiko eta bolo eta toka txapelketako irabazleak. Boloetan, esaterako, gizonetan Txema Fernandez izan zen irabazlea, bigarren Jesus Morales, eta hirugarren, Patxi Roteta. Emakumezkoetan, Elena Aldaz nagusitu zen, bigarren Nerea Uriarte gelditu zen, eta hirugarren, Margari Larrañaga. 

Tokan, berriz, gizonezkoetan Crisantos Cortes gailendu zen, eta haren ondotik Juan Unanue eta Pedro Martin sailkatu ziren. Emakumezkoetan, Elena Aldaz izan zen irabazlea, bigarren Pilar Gimenezek egin zuen, eta hirugarren, Eider Mendizabalek. Auzoko saria Enrike Egañak jaso zuen, eta gazteen mailakoa, Naia Cambak. 

 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide