Hiribusak udako ordutegia izango du bihartik aurrera

Intza Trula 2026ko ekainaren 19a

Zarauzko hiribusa, zerbitzua ematen. (Zarauzko Udala)

Ordutegi eta ibilbide ezberdinak izango dituzte hainbat lineek datozen hilabeteetan, "herriaren beharrei erantzuteko". Horrez gainera, laugarren urtez jarraian anezka zerbitzuaren aldeko apustua egin du Zarauzko Udalak, eta zerbitzu hori ere bihartik aurrera erabili ahal izango da.

Udako ordutegia izango du bihartik aurrera Zarauzko hiribusak, sasoi honetan herriak, herritarrek zein bisitariek izan ditzaketen beharrak asetzeko. Hala, azken hilabeteekin alderatuta, ordutegi eta ibilbide ezberdinak izango dituzte hainbat lineek, eta zerbitzu zabalagoa eskainiko dute.

Zarauzko Udalak jakitera eman duenez, urte osoan zehar zerbitzua ematen duten 1 eta 2 lineak udan zehar ere jarraituko dute. 1 lineari dagokionez, udan zehar Zarauzko ikastetxeetara zerbitzua emateko beharrik ez dagoenez, Vista Alegre auzora igotzeko maiztasuna handituko du. Aldiz, 3 eta 23 lineen tokia 4 eta 24 lineek hartuko dute. Funtsean ibilbide bera egiten dute, baina 4 eta 24 lineak, uda garai honetan, goiko kanpinera igotzeko zerbitzua ere eskainiko dute, horretarako ordutegia moldatuz.

Anezka zerbitzua ere abian

Hiribusaren ordutegiak moldatzearekin batera, udalak anezka zerbitzua jarri du aurtengo uda denboraldirako ere. Bihar jarriko da martxan,  eta pasa den urtean bezala, aurten ere MUGI txartelarekin ordaindu ahal izango dira bidaiak.

Aurtengo disuasio aparkalekuetako anezka zerbitzuak Asti, autobus geltokia, Salberdin, Hegoaldeko parkina eta Nafarroa kaleko biribilgunea (Gure Ametsa) batuko ditu. Zerbitzua goizeko 10:00etan hasiko da egunero, eta 30 minutuko maiztasuna izango du. Era honetan, Astiko edo Hegoaldeko aparkalekuetan kotxea uzten dutenek, zein autobus edo Euskotren geltokira iritsi diren pertsonek Zarauzko erdigunera eta hondartza ingurura gerturatzeko aukera izango dute.

Ondorengo lotura honetan kontsulta daiteke hiribusaren ordutegi, tarifa eta bestelako informazio guztia. 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide