San Pelaio jaiak ospatuko dituzte datorren astean Zarautzen, eta festetako hainbat egunetan Puntu Morea jarriko du aurten ere Zarauzko Udaleko Berdintasun sailak. Ekainaren 25ean eta 26an egongo da zabalik, ordutegi zehatz batean, eta udalaren hitzetan, "helburua da jaietan genero-indarkeriaren aurkako espazio segurua eskaintzea, eta herritarren sexu- eta genero-aniztasunarekiko begirada aberastea modu hurbil eta informalean".
Zehazki, ekainaren 25ean, osteguna, 00:00etatik 03:00etara eskainiko du zerbitzua Puntu Moreak. Hilaren 26an, ostiralean, berriz, ordutegia 22:00etatik 02:00etara izango da. Gloria Vazquez udaleko Berdintasun zinegotziaren esanetan, "jai giroan alkoholaren eta bestelako kontsumoen eraginez desinhibizioa handitu egiten da, eta horrek emakumeen aurkako erasoak, LGTBIAQ+fobia edo arrazakeria kasuak areagotzeko arriskua ekar dezake". Hain justu, horri aurre egitea da Puntu Morearen asmoa.
Horretarako, Puntu Morean egongo den Samurrak Aniztasuna taldeak prebentzioan, sentsibilizazioan eta laguntzan oinarritutako zerbitzu espezializatua eskainiko du. Berdintasunean eta sexologian adituak diren profesionalek sexualitate osasungarri, positibo eta inklusiboaren inguruko sentsibilizazio-lana egiten dute, eta horretarako jarduera parte-hartzaileak eta material didaktikoak erabiltzen dituzte. Beraien lanaren xedea da herritarren artean oraindik ere indarrean dauden mito eta aurreiritziak deseraikitzeko eta sexu-hezkuntza modu erakargarri eta hurbilean lantzeko.
Honekin batera, Berdintasun departamentuak gogorarazi du Puntu Morean sumisio kimikoaren aurkako eskumuturrekoak ere banatuko dituztela aipatu bi egunetan. Era berean, Zarauzko Udaleko Berdintasun departamenduak errespetuzko jaien dekalogoa banatuko du herriko taberna guztietan. Ekimen hauen bidez, Zarauzko Udalak "jai seguruagoak, parekideagoak eta aniztasunarekiko errespetutsuagoak" sustatu nahi ditu.