Langile batzordeak deituta, lan-baldintzetan ezarri dizkieten atzera-urratsak salatzeko mobilizazioa egin dute gaur Lege Zaharren Enparantzan Lurralde Oreka Berdea departamentuko langileek, 'Pribatizaziorik ez. Zerbitzu publikoak indartu!' lelopean. Jada zazpigarren mobilizazio astea dute, eta gaurkoan Zarautzen elkartu dira.
Azken urteetan, Gipuzkoako Foru Aldundiaren baitan "egoera kezkagarri" bat gertatzen ari da. Komunikatuan, "lurraldeko landa eremuaren, mendien eta naturaren kudeaketa ez dela edozein kontu" azpimarratu dute, "herritarroi zuzenean eman behar zaien zerbitzu publikoa dela", eta "horren kalitatea, gardentasuna eta kontrol publikoa ezin direla arriskuan jarri" gehituz.
Lurralde Oreka Berdea departamentuko langileek "departamentua indartzea", "langile publikoen egitura eta baliabideak berreskuratzea", "fundazio eta administrazio paraleloen bidezko pribatizazio bideari amaiera ematea" eta "herritarren interesak lehenestea" eskatu dute. Era berean, "herritarron eskubideak direla, eta horrela defendatuko dituztela" azpimarratu dute.
Bulegoetan eta eguneroko lanetan argi ikusi dute Lurralde Oreka Berdeko departamentua urtez urte ahultzen joan dela, eta "langile publikoen kopurua murriztu den bitartean, funtzioak eta ardurak geroz eta handiagoak" direla. Beraien hitzetan, "egoera hau ez da kasualitatea", izan ere, "administrazioaren egitura ahultzen den heinean, inguruan sortu diren fundazio eta erakunde sasi-publikoek gero eta pisu handiagoa hartu dute, administrazio paralelo baten gisa jokatzeraino".
Honek guztiak "ondorio zuzenak" dituela ozen salatu dute, izan ere, "zerbitzu publikoen kalitatea arriskuan" jartzen omen da. Gainera, "gardentasuna galtzen da, erabakiak herritarren kontrol demokratikotik urruntzen direlako", eta "diru publikoa kanpora bideratzen da, departamentuko barne finantzazioa murrizten den bitartean". Hori gutxi ez balitz, "pribatizazio prozesu ezkutua indartzen dela" nabarmendu dute, "herritarren interesen kaltetan".
"Zerbitzu publiko, sendo eta eraginkorra" nahi dute, eta horretarako "baliabide publikoak indartu, langileak behar bezala hornitu eta kudeaketa zuzena administrazioaren esku mantendu" behar dela argi dutela adierazi dute.