PPk dio klase ertaineko zarauztarrek ezinezkoa dutela etxebizitza bat eskuratzea

Aritz Mutiozabal 2026ko ekainaren 17a

Salberdinen eraikitzen ari diren etxebizitza berriak. (Mireia Galarza Bastida)

Zarauzko alderdi popularrak EAJ eta PSE-EE kritikatu ditu, "erdiko klase langilea ahazten duen sistema bat eraiki" dutela esanez. Halaber, esleipen-irizpideak berrikustea proposatu du.

Zarauzko PPk beharrezkotzat jo du Euskal Autonomia Erkidegoan etxebizitza babestuak esleitzeko egungo sistemari buruzko eztabaida serio bat irekitzea, eta, bereziki, Zarautzen jarri du fokua, "etxebizitza eskuratzea milaka familiarentzako arazo nagusietako bat" delako.

"Zarautz nagusi da Espainiako etxebizitzen preziorik handienarekin. Ondorioz, klase ertaineko pertsonei ezinezkoa zaie merkatu libreko etxebizitzak eskuratzea, eta kasutan askotan etxebizitza babestuak ere". Zarauztar belaunaldi batek, nahiz eta enplegua izan, emantzipazioa atzeratu, etxebizitza partekatu edo familiatik eta lanetik urrun dauden herrietara joan behar duela bizitzera azaldu du alderdi popularrak.

Zarauzko PPren ustez, egungo baremazio-sistemak "desoreka handiak" ditu. "Kolektibo jakin batzuek berariazko babesa jasotzen dute, eta horri eutsi behar zaio, baina egungo ereduak kanpoan uzten ditu Zarauzko herritar gehienak, egoera bereziki ahulean ez egon arren, etxebizitza eskuratzeko ezintasuna dutelako". Zentzu horretan, EAJ eta PSE-EE alderdiak kritikatu ditu, "erdiko klase langilea ahazten duen sistema bat eraiki" dutelako.

Horren aurrean, esleipen-irizpideak berrikustea proposatu du, "talde zaurgarrien babesaren eta erdiko klasearen beharren artean oreka handiagoa egoteko". Era berean, esleipen-prozesuetan ondorengo irizpideek pisu handiago izan dezaten defendatu dute: udalerriarekiko loturak, bizilekuaren antzinatasunak eta herriaren garapen ekonomiko eta sozialerako ekarpenak.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide