Etxauriko Harria txapelketa irabazi du Oier Azpeitiak

Iraia Oteiza 2026ko ekainaren 16a

Olaia Esnaola eta Oier Azpeitia Etxaurin, saria eskuetan. (Utzitakoa)

Zarauztarrak 136,5 kiloko harri baldarrari zortzi altxaldi eginda erdietsi zuen garaipena igandean.

Etxauriko Harriak harri jasotze txapelketa irabazi dute Oier Azpeitia eta Olaia Esnaola harri jasotzaileek. Etxaurin (Nafarroa) jokatu zuten lehia igandean, hango festetan, eta eskualdeko bi harri jasotzaileek egin zituzten harri baldarren altxaldi gehien.

Gizonetan, 136,5 kiloko Etxauriko Harria zen altxatu beharrekoa, eta Oier Azpeitia zarauztarrak irabazi zuen lehia, harri baldarra zortzi aldiz altxatzea lortu baitzuen. Zelai V.ak zazpi altxaldi egin zituen; Oskar Aguasek sei eta Alex Merlok bi. 

Duela urtebete inguru hasi zen Azpeitia harri jasotzen, Joseba Ostolazaren eskolan. "Formarik ez daukaten harri baldarrekin ongi moldatu izan naiz denbora honetan, eta Etxaurikoarekin ere ongi moldatzea espero nuen", azaldu du. Ordea, txapelketaren aurretik harriari pare bat altxaldi egiteko aukera eman zieten parte hartzaileei, probatzeko, eta Azpeitiari ez zitzaion harria gustatu. "Esperotakoaren aldean gaizki ibili nintzen proban, eta, ondorioz, motibaziorik gabe iritsi nintzen lehiara. Asko jota, lauzpabost altxaldi egitea espero nuen, eta gustura geratzeko moduko lana iruditzen zitzaidan kopuru hori. Azkenean harria zortzi aldiz jasotzea lortu nuen. Hasiberritan halako plaza zorrotz batean txapela irabaztea ohore handia izan da niretzat", dio Azpeitiak. Harri eskolan lagundu diotenei eskerrak eman dizkie zarauztarrak, eta Etxauriko jendearen gertutasuna ere eskertu du.

68 kiloko Lurgorriako Harria izan zen emakume harri jasotzaileek altxatu beharrekoa, eta Olaia Esnaola azpeitiarrak 29 aldiz jaso zuen harri baldarra, iaz Esnaola berak 28 altxaldirekin ezarri zuen errekorra hautsiz. Bigarren postua Ane Cestauk erdietsi zuen, 28 altxaldi eginda; Sara Jimenez de Aberasturik 26 jasoaldi egin zituen eta Ane Atxutegik 23.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide