Herriko jaietarako bi astebete falta badira ere, Udaberri Jubilatu Elkartean martxan jarri dira eta San Pelaio Astea antolatu dute datorren asterako. Hori horrela, ekainaren 15etik 19ra jai giroz beteko dute elkartea, hainbat jarduera, jolas, topaketa eta emanaldirekin.
Astelehenean eta asteartean karta jokoak izango dituzte; goizetan,10:00etatik aurrera, jolastokian, eta arratsaldean, 16:00etan hasita, tabernan. Asteazkenean, 11:30ean, euskal dantzen erakustaldia egingo dute, Udaberri plazan. Ostegun goizean, berriz, bola eta toka lehiaketak izango dituzte Zelai Ondo auzoan, 10:00etatik aurrera. Ostiralean, azkenik, sari banaketa ekitaldia egingo dute 11:30ean, eta ondoren, 14:00etan, bazkide-bazkaria Santa Barbara jatetxean.