EH Bilduk kultur proiektu sendo bat eskatu dio udal gobernuari Santa Klararako

Aritz Mutiozabal 2026ko ekainaren 12a

Santa Klaran egindako birgaitze lanak. (Juan Luis Romatet)

Komentua "eraikin bat baino gehiago" dela iritzi dio koalizioak, eta "obra ikuspegi hutsetik" haratago, "kultur proiektuaren definizioa mahai gainean jartzeko" garaia dela.

Santa Klara komentuko birgaitze lanen emaitza herritarren aurrean azaltzeko eta erakusteko saioa egin zuten asteazken arratsaldean. Horren harira, EH Bilduk ontzat jo du eraikinean egindako esku-hartzea, baina birgaitze lana ona izanagatik ere, argi adierazi du oraindik ez dagoela Santa Klararako "kultur proiektu sendorik eta zehatzik", eta hori "behar-beharrezkoa" dela iritzi dio.

Koalizioaren arabera, Santa Klarak "eraikin bat baino gehiago" izan behar du, eraberritze lanez haratagoko kultur proiektu batekin. Zentzu horretan, parte hartze prozesuak erakutsitakoa ekarri nahi izan dute gogora: "Herriak ikuspegi argia du: kultur ekipamendu ireki, malgu eta belaunadi-arteko bat nahi du, sormen-guneak, erakusketa-espazioak eta areto erabilgarriak uztartuko dituena. Hor dago benetako erronka”.

Komentuaren ibilbidea luze doala uste du EH Bilduk, eta hori ez dela "eredugarria" izan. "Hasieran 8,6 milioi eurotan aurkeztu zen proiektua 24 milioi eurora igo zen, eta horrek agerian utzi zuen udal gobernuaren planifikazio eskasa", nabarmendu du koalizioak. Gainera, aditzera eman du EAJk proiektua hauteskundeetarako "presaka" iragarri zuela, edukia eta finantzaketa "behar bezala landu gabe", eta "horrek ekarri gaitu gauden egoera honetara”.

Testuinguru horretan, Zarauzko Udalak Next Generation Europako funtsetatik hiru milioi euroko diru laguntza jaso zuen eraikinaren birgaitze energetikoa egiteko. "Laguntza hori ez galtzeko eta eraikinaren zati bat behintzat egokitzeko, birgaitze mugatu baina erabilgarria bideratzea proposatu zuen gobernuak, eta EH Bilduk ontzat jo genuen", gogora ekarri du. Hasieran, obra horretarako egin behar zen kreditu aldaketa baten kontra bozkatu zuen koalizioak, gutxieneko informaziorik ez zutelako, baina proiektua bera bozkatzerakoan, "egoera trakets horretatik ateratzeko lehen urratsa emateko" aukera ikusi, eta proposamenarekin aurrera egin behar zela erabaki zuten. "Proiektuari babesa eman bai, baina horraino ekarritako bidearekin oso kritiko ginela adierazteko, abstenitu egin ginen”.

Orain, Santa Klara osoa "zarauztar guztientzat kultur faktoria bihurtzeko" konpromisoa berretsi du EH Bilduk, eta horretarako lanean jarraituko duela azpimarratu du. Beraz, aipatutako "lehen urrats" hori ondo aztertu eta horretara egokitzeko proposamenak egin nahi ditu. Bide batez, udal gobernuari "norabidea" aldatzeko eskatzen dio, "obra ikuspegi hutsetik atera eta kultur proiektuaren definizioa mahai gainean jar dezala”.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide