Datorren larunbatean egingo dute argazki rallya Eraztun Berde Urdinaren hezeguneen bidean

Enara Ariznabarreta 2026ko ekainaren 14a

Eraztun Berde Urdinaeko irteerak. (Utzitakoa)

Argazki rallya mugikorrarekin izango da, eta izen emateko azken eguna egunean bertan izango da, Iñurritzako gasolindegiaren parean, goizeko 9:30etik 10:30era.

Zarauzko Udalak antolatuta, argazki rallya egingo dute datorren larunbatean Eraztun Berde Urdinaren hezeguneen bidean, 09:30etik 14:00etara. Rallya mugikorrarekin egin beharko da, gaztetxoei zein helduei zuzenduta egongo da, eta bi modalitate izango dira: haur eta gazteak (15 urte artekoak), eta helduak (16 urtetik gorakoak).

Rallyaren aurretik, eraztunberdeurdina@zarautz.eus helbidera idatziz edota 943-00 51 09 telefonora deituz izen emateko aukera izango da. Rallyaren egunean, Iñurritzako gasolindegiaren parean eman dezakete izena, goizeko 9:30etik 10:30era. Doakoa izango da, eta honako datu hauek eman beharko dira: izen-abizenak, adina, herria, telefono zenbakia eta e-posta.

Ibilbidea Iñurritzako gasolindegi paretik abiatuko da, eta gaiak rallya hasi aurretik zehaztuko dituzte. Arratsaldeko 20:00ak baino lehen, partaide bakoitzak gai bakoitzeko argazki bana bidali beharko du (kontroleko argazkia barne) eraztunberdeurdina@zarautz.eus helbidera, eta argazki rallyak iraun bitartean ateratako argazkiak izan beharko dira.

Zarauzko Ingurumen eta Partaidetza arloko kideek eta natur argazkilariek osatuko dute epaimahaia, eta saria uztailaren 16ean, osteguna, banatuko dute Etxezabalan, 18:30ean.

Antolakuntzak adierazi du rallya natur inguru batean egingo dela, eta norberak bere hamaiketakoa eta ura eramatea gomendatu du. Halaber, natur gune hauetan zakarrontzirik ez dagoela, eta beraz, norberak bere zaborrak eraman behar dituela eta inguruak txukun mantendu behar direla ere gogoratu du.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide