Mitxelenako pasabidearen desjabetzea eztabaidagai

Enara Ariznabarreta 2026ko ekainaren 11

Josu Lazkano, Mitxelena kaleko 81-83 jabekideen erkidegoaren ordezkaria. (Enara Ariznabarreta)

Akats baten erruz itxitako pasabidea irekitzeko desjabetze proiektu bat aurkeztu du udalak. Mitxelenako hainbat bizilagun erabakiaren aurka agertu dira.

Mitxelena kaleko 89. eta 91. zenbakien eraikinetako arkupean dagoen oinezkoentzako pasabidea eztabaidagai izan da azken hilabeteetan. Pasabide hori hamarkadatan erabilera publikokoa izan da, eta funtzio garrantzitsua bete izan du bizilagunentzat. Herritar askok erabili izan dute San Pelaioko tren geltokira zuzenean joateko, eraikin osoari buelta eman eta itzulinguruka ibili gabe.

Nahiz eta pasabidea jabetza pribatu baten barruan egon, hainbat hirigintza agirik –1967ko Zelai poligonoko Plan Partzialak, 1993ko eraikuntza proiektuak eta 1999ko udal baimen batek– espazio publikoa dela diotela adierazi dute Mitxelena kaleko 81. eta 83. zenbakietako bizilagunek. Gainera, etxebizitzen memorian ere arkupea "erabilera publikoko pasabide gisa" agertzen dela azpimarratu dute. Urte luzez, Mitxelenako 89. eta 91. zenbakietako bizilagunek pasabidea ixteko eskatu izan dute. Udalak, ordea, ez zien eskaera hori onartu. Baina 2023an, San Pelaio inguruko obren ondorioz, pasabidea aldi baterako itxi zuten. Lan horien testuinguruan baimendu zuen udalak pasabidea ixtea, herritarrei lasterbidea kenduz, eta harrezkero itxita mantendu dute. Administrazioak berak onartu zuen baimen hori akats baten ondorioa izan zela. Orain, pasabidea berriro irekitzeko prozesua abiatu du udalak, eta horrek desadostasun handia piztu du Mitxelenako 81. eta 83. zenbakietako bizilagunen artean. Pasabidea jada publikoa zen ala desjabetzearen bidez bihurtu behar da zortasun publiko; hoiri da argitu beharrekoa. Bizilagunek argi dute: "Aipatutako pasabidea irekitzeko irtenbide gisa nahitaezko desjabetze prozeduraren aurka" daude. Horregatik, joan den apirilaren 22an alegazioak aurkeztu zituzten, eta udalaren erantzunaren zain jarraitzen dute.

Bizilagunen ikuspuntua

Mitxelena 81. eta 83. zenbakietako jabekideen erkidegoaren arabera, "pasabidea ez litzateke desjabetu behar, jatorritik erabilera publikokoa delako".

Udalaren erabakiaren aurrean, bizilagunek alegazioa aurkeztu zuten, aurrekari guztiekin. Alegazio horretan gogorarazten dute 1967ko planak arkupeak irekita mantentzera behartzen zituela eraikinak, 1993ko proiektuak beheko solairua erabilera publikoko arkupe gisa definitzen zuela, eta 1999ko baimenak hesi bat jartzea onartzen bazuen ere, ateak irekita mantentzeko baldintzapean izan zela. Gainera, argi utzi dute beraien erkidegoak "inoiz ez diola bere espazioaren erabilera publikoari uko egin", baina salatu dute proposatutako irtenbideak paradoxa bat sortzen duela. Mitxelena 89-91ko jabetzaren zati bat desjabetuko litzateke erabilera publikoko zortasuna ezartzeko, baina aldi berean, oinezkoen fluxuak 81-83ko arkupearen eremuan ere eragina izango luke. Egin nahi duten pasabide berriaren ondoan bidegorria dagoela ere adierazi dute, horrek sor dezakeen arriskuarekin. Horregatik, uste dute konponbidea ez dela orekatua eta ez duela arazoaren jatorria konpontzen.

81-83ko auzokideek "udalak 2023ko akatsa zuzendu eta aurreko egoera berreskuratu" beharko lukeela diote. Haien hitzetan, egungo prozedura "garestiagoa eta administratiboki konplexuagoa" da, eta ez du beharrezkoa den irtenbiderik eskaintzen; izan ere, "diru publikoa kostatuko da eta jabetzari inoiz izan ez duen eskubide bat aitortuko dio". Bizilagunek "administrazioaren akats bat konponbide garesti batekin zuzendu" nahi dela nabarmendu dute, "kosturik gabeko beste aukera bat dagoenean".

Ekitate arazo bat dagoela diote. "Zarautzen badira jada beste erkidego batzuk, Euromar edo Mintegi, esaterako, non jabetza pribatua eta espazioaren erabilera publikoa elkarrekin bizi diren, desjabetu beharrik gabe", azpimarratu dute. "Ez dugu ulertzen zergatik kasu honetan ez den irizpide bera aplikatzen", gehitu dute.

Josu Lazkano 81. eta 83. zenbakietako ordezkariak adierazi duenez, bizilagunak "borrokatzeko gogotsu" daude, baina "adineko jendea ere bizi da bertan, eta ez daude horrelako gauzetan aritzeko".

Udalaren jarrera

Zarauzko Udalaren arabera, pasabidea berriro irekitzea beharrezkoa da herritarren mugikortasuna eta San Pelaioko geltokiaren irisgarritasuna bermatzeko. Pasabideak interes publikoko funtzioa betetzen duela onartu du erakundeak.

Udalaren proiektuak desjabetze prozedura baten bidez erabilera publikoko zortasun bat ezarri nahi du 89-91 blokearen ataripearen zati batean. 29,38 metro koadroko azalera erabilera publikora bideratuko litzateke, "pasabide irisgarri bat" sortzeko. Pasabidea "obra sinple" baten bidez berriro irekitzea proposatzen du udalak, itxiturak kentzea eta arkupearen barruan oinezkoentzako ibilbide egokia irekitzea. Lanen aurrekontua 3.206 eurokoa izango da, eta gauzatzeko epea, bi astekoa.

Hala ere, udalak ez du 2023ko baimena zuzenean baliogabetzeko bidea aukeratu. Lazkanok azaldu duenez, administrazioak adierazi die "erabaki hori atzera botatzea juridikoki konplexua izan daitekeela eta auzibideak sor ditzakeela". Baina "beti irekita egon den pasabidea ireki beharrean desjabetze bat gauzatzea eta diru publikoa gastatzea zentzugabekeria" dela dio Lazkanok.

Erantzunaren zain

Mitxelena 81-83ko bizilagunek aurkeztutako alegazioek oraindik ez dute udalaren erantzunik jaso. Arartekoarengana ere jo dute bizilagunek; hark jakinarazi die administrazio prozedura martxan dagoela eta, momentuz, itxaron egin behar dutela.

Bizilagunak abokatuen laguntzarekin ari dira egoera aztertzen. Aldi berean, arazoa Zarauzko Udalean ordezkaritza duten alderdi politikoei helarazi diete, EH Bilduri, EAJri eta PSE-EEri, alegia. Lazkanoren arabera, PSE-EEk jakinarazi die auzia udalaren bilera batean aztertzeko asmoa dutela.

81-83ko bizilagunen ordezkariaren hitzetan, 89-91ko administratzailea beraiekin harremanetan jarri da akordio batera iristeko, baina hark proposatutako konponbidea "zentzugabea" da Lazkanorentzat, beraien arkupea gainontzeko herritarrei ixtea proposatu dietelako, bizilagunek soilik erabiltzeko.

Udalak desjabetzearekin aurrera jarraitzen duen bitartean, Mitxelena 81-83koek lehengo pasabide publikoa defendatuko dute.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide