Zarautz Arraun Elkarteak (ZAE) aurtengo arraun denboraldiaren aurkezpen ekitaldia egingo du igande eguerdian herritarren aurrean, Musika Plazan. Saioari 12:00etan emango diote hasiera, eta Beñat Intxauspek gidatuta, KAE 1 eta ETE ligetan lehiatuko diren bi traineruetako partaideak, egutegiak eta helburuak zeintzuk diren jakitera emango dituzte.
Era berean, ZAEk postua jarriko du, eta bertan elastikoak, banderolak eta beste hainbat material eskuratu ahal izango dira; bazkideek dagokiena jasotzeko aukera izango dute, eta gainerakoek erosi ahal izango dituzte.
Ligari hurrengo astean emango diote hasiera bai gizonezkoek bai emakumezkoek. Astilleron izango dute lehen hitzordua, ekainaren 20an, arratsaldez, eta bigarren estropada, berriz, hurrengo egunean, goizez, Pasaian.