Basarri Bertsopaper Sarira lanak aurkezteko epea amaitzear dago

Intza Trula 2026ko ekainaren 14a

Maddalen Arzallus iaz, sariketa irabazi ostean, bertso sorta aurkezten, Santa Klara elizan. (Aritz Mutiozabal)

Ekainaren 19a, datorren ostirala, izango da lanak aurkezteko egongo den azken eguna. Bertso lehiaketak 42. edizioa du aurten, baina helburuak lehen aldiko bera izaten jarratzen du: hau da, euskara eta bertsolaritza sustatzea, eta euskal sormenean eragitea.

Basarri Bertsopaper Sariaren 42. edizioan parte hartu nahi dutenek azken egunak dituzte lanak aurkezteko. Izan ere, ekainaren 19an itxiko dute horretarako aukera, datorren ostiralean. Zarauzko Udalak antolatzen duen sariketak hainbat helburu ditu: euskara eta bertsolaritza sustatzea, eta euskal sormenean eragitea, hain zuzen ere. 

Parte hartzaile bakoitzak gehienez bi lan bidal ditzake sariketara, eta gaia librea dela. Halaber, lanak originalak, argitaratu gabeak eta beste inolako lehiaketetan saritu gabeak izan beharko dute, eta bertsopaper bakoitzak, gutxienez, zortzi bertso izan beharko ditu. Gainera, izenburuaren ondoan bertso sorta bakoitzaren doinua zehaztu beharko da.

Edonork parte har dezake lehiaketan, eta sari bakarra egongo da, 1.800 eurokoa. Aurtengo epaimahaia Andoni Egañak, Nahikari Gabilondok eta Uxue Alkortak osatuko dute, eta irabazlearen izena uztailaren lehen astean jakinaraziko dute. Sari banaketa ekitaldia uztaileko Bertso Astearen barruan egingo dute.

Hori horrela, lehiaketaren oinarriak ondorengo lotura honetan kontsulta daitezke. Lanak, berriz, kultura@zarautz.eus helbide elektronikora bidali beharko dira, eta horretarako azken eguna ekainaren 19a izango da.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide