Aner Peritz eta Iñigo Mantzizidor 'Mantxi' zarauztarrak lehiatuko dira 19. Bertsolari Txapelketa Nagusiaren lehen fasean

Onintza Lete Arrieta 2026ko ekainaren 9a

Bertsolari Txapelketa Nagusiko aurkezpen ekitaldiko irudia. (Bertsozale Elkartea)

Zarauztarrekin batera, Eneritz Artetxe azkoitiarra eta Oier Etxeberria azpeitiarra ere lehiatuko dira. Txapelketa irailaren 19an hasiko da, hamabost saio izango dira guztira, eta finala abenduaren 20an jokatuko dute, Iruñeko Nafarroa Arenan. Emanaldietarako sarrerak datorren astean jarriko dituzte salgai. 

Bertsolari Txapelketa Nagusiaren 19. edizioa irailaren 19an hasi eta abenduaren 20an amaituko dela jakinarazi berri du Bertsozale Elkarteak, baita hamabost saiok osatuko dutela ere. Hazparnen (Lapurdi) abiatuko da, eta 2022an bezala, Iruñeko Nafarroa Arenan jokatuko da finala.

50 bertsolarik hartuko dute parte aurtengo edizioan, eta aurreneko fasean 42 ariko dira kantuan, lau Arabatik, hamar Bizkaitik, hamasei Gipuzkoatik, zazpi Nafarroatik eta bost Xilabatik sailkatuak. Horien artean daude Aner Peritz eta Iñigo Mantzizidor Mantxi zarauztarrak, eta baita Urola Kosta eskualdeko beste bi bertsolari ere: Eneritz Artetxe azkoitiarra eta Oier Etxeberria azpeitiarra. Horiekin batera, hamalau lagunek osatuko dute gai-jartzaile taldea, eta 21 izango dira epaile lanetan arituko direnak, tartean Unai Muniain zarauztarra.

Aurreneko fasean bertsolari bakoitza non eta norekin lehiatuko den zehaztuta dago, eta horren berri ere eman dute. Eskualdeko ordezkariei dagokienez, Etxeberria eta Mantxi irailaren 26an lehiatuko dira, Altsasun (Nafarroa). 17:00etan hasiko da saioa, Burunda pilotalekuan. Hurrengo egunean, berriz, Aner Peritz eta Eneritz Artetxe lehiatuko dira, Lekeition (Bizkaia). Saio hori ere 17:00etan hasiko da, Santi Brouard pilotalekuan. 

Sarrerak hurrengo astetik aurrera salgai

Saio guztietarako sarrerak ekainaren 17an, hurrengo asteazkenean, jarriko dituzte salgai www.bertsosarrerak.eus atarian. Bertsozale Elkarteko bazkideek finaleko sarrera erreserbatuta izango dute ekainaren 17tik 24ra bitartean, eta aurrez agortzen ez badira, sarrerak egunean bertan txarteldegian eskuratzeko aukera izango da.

Finalerako autobus zerbitzua eta bazkari zerbitzua ere eskainiko da, baina aurrerago emango dute horren berri.

Hiru faseko txapelketa

Txapelketak hiru aldi izango dituela azaldu dute: lehenengo fasea irailean hasi eta urrian amaituko da, zazpi saio izango dira guztira, eta 42 bertsolarik kantatuko dute, denak herrialdeetako txapelketetatik sailkatuak. Sei bertsolariz osatutako zazpi talde egingo dituzte, eta saio bakarrera lehiatuko dira. Talde bakoitzeko irabazlea zuzenean pasatuko da hurrengo fasera; puntu gehien batzen dituztenekin osatuko da finalaurrekoetara igaroko den taldea.

Bigarren fasea finalaurrekoak izango dira, eta 24 bertsolari ariko dira kantuan: izena eman duten 2022ko zazpi finalista eta lehenengo fasetik sailkatu diren 17 bertsolariak. Bi itzulitara egingo dituzte, lehenengo itzulian lau saio izango dira, eta bigarrenean, hiru. Bi saioetako puntuazioak gehitu egingo dira, eta 18 bertsolarik egingo dute aurrera.

Azkenik, finalean, zortzi bertsolari ariko dira kantuan, 2022ko txapelduna eta finalaurrekoetatik puntuazioz sailkatuko diren zazpiak.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide