'Un mundo fragil y maravilloso' filma ikusgai gaur, jatorrizko hizkuntzan

Aritz Mutiozabal 2026ko ekainaren 9a

Saio originalaren barruan emango dute Cyril Aris zinegilearen lanik berriena; 19:30ean izango da emanaldia.

Nazioarteko hainbat zinema jaialditan publikoaren saria lortu duen Un mundo fragil y maravilloso filma emango dute gaur arratsaldean, 19:30ean, jatorrizko hizkuntzan, Modelo aretoan. Libanoko Cyril Aris zinema zuzendariaren lan berriena da, eta Beiruten kokatzen den maitasun istorio bat du kontagai. Aktore lan taldea ondorengoek osatzen dute: Mounia Akl, Hasan Akil, Julia Kassar, Camille Salameh, Tino Karam eta Nadyn Chalhou aktoreek.

Pasioak, desamodioak eta itxaropenak markatutako hiru hamarkadetan zehar, Ninoren eta Yasminaren bideak behin eta berriz gurutzatzen dira, iraganeko denbora eta zauriak desafiatzen dituen harreman magnetiko batean harrapatuta. Beiruten geratzea amesten du Ninok, Yasminek ihes egitea besterik pentsatzen ez duen bitartean. Egunero bihotza apurtzen dien herrialde batean, ezinezko aukera bati egin beharko diote aurre: maitasunaren aldeko apustua egin eta familia bat osatu, edo amore eman bizirauteko beharraren aurrean. 

 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide