Datozen egunetan eraitsiko dute Munoako begiralekua

Aritz Mutiozabal 2026ko ekainaren 9a

Adolfo Uriarte, Xabier Txurruka eta Iban San Martin, Munoa plazan lanean ari diren bitartean. (Aritz Mutiozabal)

Abian dira malekoia moldatzeko obrak, eta urte bukaera arte iraungo dute. Construcciones Mariezcurrenak egingo ditu, 1,2 miloi euroko aurrekontuarekin.

Dagoeneko hasi dituzte LIFE IP Urban Klima 2050 proiektuko obrak Munoa plazan, baita aurrelanak ere malekoian. Xabier Txurruka Zarauzko alkateak eta Adolfo Uriarte Eusko Jaurlaritzako Natura Ondarearen eta Klima Aldaketarekiko Egokitzapenaren zuzendariak agerraldia egin zuten atzo goizean, jarduketaren inguruko nondik norakoak eta xehetasunak kontatzeko.

Construcciones Mariezcurrena enpresari esleitu diote obrak egiteko ardura lehiaketa publiko bitartez, 1.244.955,75 euroko aurrekontuarekin (BEZ barne), eta zazpi hilabeteko epea izango du horrek lanak gauzatzeko; aurreikuspenen arabera, urte amaierarako bukatuta beharko lukete lanek. LIFE programaren bidez, Europako Batasunak 696.231 eurorekin lagunduko du proiektua, eta Eusko Jaurlaritzak 380.000 euro jarriko ditu. Gainerako kopurua Zarauzko Udalak jarriko du.

Obrak hainbat fase izango dituela zehaztu zuen Txurrukak, baina argi utzi nahi izan zuen ezinbestean udan egin beharrekoak direla, neguko denboraleekin ezinezkoa litzatekeelako. Edonola ere, herritarrak, bizilagunak eta inguruko ostalariak kontuan hartu dituztela nabarmendu zuen: "Uda gainean dugun honetan, ahalik eta eragin edo oztopo gutxien sortzen saiatuko gara malekoiari eta malekoiko jarduerei. Obrak zehazteko orduan, guztien arteko bizikidetza baloratu dugu".

Metro erdi igo

Hasierako fasean malekoiaren kota metro erdi igoko dute, eta datozen asteetan egingo dute hori. Horretarako, Munoako begiralekua edo hegala bota egingo dute, eta hari lotuta doazen eskailerak ere kendu egingo dituzte. "Jarduketa honen azken helburua da ahalik eta hondar gehien geratzea harraldean, eta, horretarako, eskailera horiek kendu egin behar dira. Malekoian jada bideak bereizi ditugu oinezkoentzat eta kamioientzat, eta datozen egunetan ikusiko dugu eraisketa hori".

Ondoren, Narros aurreko obrak egingo dituzte, eta hesiz markatu duten malekoiko zatian lanean jarraituko dute, mikropiloteak jartzen eta hormigoi lanak egiten. "Baina ez gara sartuko kafetegietako terrazen eremuan", zehaztu zuten. Uda igaro ondoren, irailetik aurrera, mugilduko dira malekoian egingo dituzten lanetan, bete-betean: sarrerak berrituko dituzte, kota altxatuko dute, akaberak egin eta abar.

Botaola-hormari dagokionez, Nautiko eta Bederen kafetegien aurrean jarriko dute, "babes handiena behar duten ostalaritza negozioen parean". Proba pilotua izango dela argitu zuen alkateak, "olatu kolpeen aurrean nolako eragina daukan" ikusi nahi dutelako. Gutxi gorabehera 40 metroko luzera izango du, eta 70 zentimetroko altuera.

Obrak antolatzeko garaian, terrazen jarduera ez ezik, Zarautzen udan zehar izango diren hainbat ekitaldi ere kontuan hartu dituztela azaldu zuen. Beraz, Duke-Enea parean hondartzara jaisteko dauden arrapala eta eskailerak uztaileko Getaria-Zarautz itsas zeharkaldia igaro ondoren kenduko dituzte; asteburu honetako triatloiko box eremuak bertan kokatuko dituzte, esaterako.

Irtenbide zehatza

Agerraldian azpimarra egin zuten Zarauzkoa "euskal proiekturik handiena" dela ekintza klimatikoaren esparruan. Europako Batasunak babestuta dago, eta Ihobe Eusko Jaurlaritzaren ingurumen jarduketarako sozietate publikoak koordinatu du; izan ere, hogei erakunde baino gehiagok parte hartu dute LIFE IP Urban Klima 2050 proiektuan.

Uriartek aditzera eman zuenez, klima aldaketaren inpaktuei aurre egiteko proiektua "erakundeen artean irtenbide zehatzak abian jarrita lortutako emaitzaren fruitua" da. "Proiektu zehatz bat ondu dugu erakusteko oraindik garaiz dela eta gauzak hobeto egin daitezkeela. Hondartzako espazioak berreskuratzea da gure helburu nagusia. Noski, malekoia ez dugu kenduko, baina badaude elementu jakin batzuk ez direnak beharrezkoak, eta horiek ezabatuta hondarra modu naturalagoan mugitzea ahalbidetuko dugu".

Zarauzko eredua beste herri batzuetara ere eraman daitekeela nabarmendu zuen, eta Debako (Gipuzkoa) nahiz Miarritzeko (Lapurdi) udalek dagoeneko interesa agertu dutela. "Ikusi nahi dute konponbide honek zer-nolako onurak dakarzkion herriari, erreplika bat egiteko beren herrietan". Era berean, Zarauzko proiektuari jarraipen zehatza egingo diote, aurrera begirako erabakiak hartzeko ezinbestekoa izango dela iritzi baitio.

Berrurbanizazio proiektua Munoa plazarako

Munoa plazan lanean ari dira jada, eta aurki begiralekua eraitsiko dute. Udan makina bat ekitaldi ospatzen dira zabalgune horretan, eta Zarauzko Udalak lanketa bat egina du orain arte bertan egin ohi ziren egitasmoak birkokatzeko. Sanpelaioetako txosnak eta barrakak malekoira lekualdatuko dituzte; Xabier Txurrukak adierazi zuen jaietako eta udako programak aukezten dituztenean zehaztuko dutela hobeto kokalekua. Horrez gain, Alproja antzerki taldea eta Kultura departamentua elkarrizketan ari dira alternatiba bat bilatu asmoz.

LIFE IP Urban Klima 2050 proiektuaz aparte, datorren urterako beste proiektu bat du esku artean Zarauzko Udalak: Munoa plazaren berrurbanizazioa. "Urte askotako joan-etorrien eta ekitaldien ondoren, granitozko harlauza txikituta dago. Beraz, proiektu bat egina dugu udalean, eta aurki lizitaziora aterako dugu, abian jarri dugun egitasmo honek jarraipena izan dezan", azaldu zuen alkateak.


Aste Santuaren bezperan eta duela pare bat aste kendutako balaustradak berriro jarriko dituzte, eta, gero, Munoa plaza galtzada-harriz berrurbanizatzeko asmoa dute. "Hala, txosnak, barrakak eta jaiak atzera Munoara itzuliko dira datorren urtean".

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide