Azken urteetako irabazleak aurten ere lehian Zarauzko Triatloian

Ekaitz Etxabe 2026ko ekainaren 9a

38. Zarauzko Triatloiaren aurkezpena. (Zarauzko Udala)

Larunbatean jokatuko dute 38. aldiz Trade Inn Zarauzko Triatloia. 800 triatleta lehiatuko dira bertan. Horietatik 125 izango dira emakumezkoak, pasa den urtean baino 25 gehiago.

Bueltan da Zarauzko kirol proba garrantzitsuenetariko bat. Beste urte batez, triatloiaren hiriburu bihurtuko da Zarautz. Trade Inn Zarauzko Triatloiaren 38. edizioa izango da aurtengoa, eta 800 lagunek hartuko dute parte bertan. Haiekin batera, Euskal Herriko zein Espainiako triatloi zale ugari hurbilduko da kostaldeko herrira. Proba, ohi bezala, Getariako Malkorbe hondartzan hasiko da. 14:00etan abiatuko dira emakumezkoak, eta hamar minutu beranduago, gizonezkoak.

Pasa den urteko proban 100 emakumek hartu zuten parte. Aurten, aldiz, 125 izango dira triatloian parte hartuko duten emakumezkoak, hau da, % 25 igo da emakumezkoen parte hartzea. Zarauzko Triatloi Elkarteko presidente Danel Larrañagaren esanetan, hori indartzen jarraitzea da antolatzaileen asmoa. "Parte hartzaile guztien heren bat behintzat emakumezkoak izatea gustatuko litzaiguke". Aurten, esaterako, zozketan izena eman duten emakumezko guztiak izan dira onartuak. "Hori da gure aldetik egin dezakegun gutxienekoa", adierazi du.

Larrañagak nabarmendu duenez, antolatzaileak "lan handia" ari dira egiten urtez urte punta-puntako parte hartzaileak izateko. Aurten, esaterako, Emile Blondel duatloiko munduko txapeldunak lehiatuko du Zarauzko triatloian. Horrez gain, azken urteetako txapeldun gehienak ere bertan izango dira: Alanis Siffert emakumezkoetan eta Antonio Benito eta Guillem Montiel gizonezkoetan. "Badakigu gurea triatloi herrikoi bat dela, baina punta-puntako hogei edo hogeita hamar triatletek ere izan ohi dute beren lekua. Lan handia ari gara egiten horretan", azpimarratu du Larrañagak.

Era berean, antolatzaileek beraien sare sozialetan argitaratu dutenez, gorenean dabiltzan beste hainbat triatleta ere izango dira larunbateko proban. Esaterako, Helene Alberdi edo Nacho Galvez. Pasa den urtean amatasunagatik atseden hartu ostean, Zarauzko Triatloian izango da Alberdi berriz ere. 2022. urteko garaipena edo 2023. eta 2024. urteko podiumak errepikatzeko asmotan bertaratuko da Zumaiako bizilaguna. Galvez, berriz, lehen aldiz izango da Zarauzko Triatloian. Espainiako txapelketa irabaztetik dator, eta sorpresa emateko gogoz iritsiko da Zarautzera.

Berriz ere, ohiko bidea

Pasa den urtean txirrindularitzako ibilbideak izan zuen aldaketa txikiaren ostean –Meagan obra batzuk zeudenez, goraino iritsi baina lehen eman zuten buelta–, berriz ere ohiko bidea egingo dute aurtengo parte hartzaileek, hau da, 80 kilometroko ibilbidea egin beharko dute bizikletaz. Larrañagak adierazi duenez, antolatzaileen asmoa ibilbide hau "urteetan mantentzea" da.

Aurten ere, aurkezpen ekitaldian izan da Pello Osoro triatleta eibartarra. Zarauzko Triatloiko ohiko parte hartzailea da Osoro, eta bere esanetan, faktore askok egiten dute berezia proba. Faktore horietako bat da ibilbidea. Hasteko, triatleta gehienak igeriketako zatia "eremu itxietan" egitera ohituta daudela esan du, eta Zarauzkoa itsaso zabalean izatea "oso polita" iruditzen zaiola. Bestetik, txirrindularitzako zatia "oso entretenigarria" iruditzen zaiola adierazi du. Uste du San Blaseko malda dela ibilbideko puska gogorrena, eta zati hori herrian bertan izatea "ederra" dela iruditzen zaio, zale ugarik bertan egoteko aukera baitaukate. Azkenik, nabarmendu du korrikako zirkuitua zaleek egiten dutela hain "berezi".

Parte hartzaileen eta antolatzaileen lanaz haratago, bolondresen lana goraipatu nahi izan du Inaxio Illarramendi Kirol zinegotziak. Aurtengo edizioak 400 bolondres inguru bilduko ditu. "Ehundaka bolondres egon ohi da urtero proba guztietan laguntzen, eta nik uste hori dela Zarauzko Triatloia berezi egiten duena: boluntarioen lana eta ibilbidean guztian zehar egon ohi den zale kopurua", adierazi du Illarramendik.

Azahara Dominguez Gipuzkoako Foru Aldundiko Turismo diputatuak nabarmendu duenez, 40 urteren ondoren, "kirol hitzordu hutsa baino askoz gehiago" bihurtu da Zarauzko Triatloia. Gainera, urtez urte proba hau posible egiten duten pertsona, erakunde eta boluntario guztiak zoriondu nahi izan ditu Dominguezek: "Zuen lanari esker, triatloi honek gure gizartea identifikatzen duten balioen erakuslehio bikaina izaten jarraitzen du".

40. urteurreneko erakusketa

38. aldiz jokatuko bada ere, triatloiaren 40. urteurrena da aurtengoa. Hori dela eta, 40 urte hauetan Zarauzko Triatloiak izan duen bilakaera azaltzen duen erakusketa bat antolatu dute Merkatu plazako goiko pisuan. Bihar zabalduko dute erakusketa, eta ekainaren 21ean amaituko da. Bitarte horretan, egunero egongo da zabalik, 16:00etatik 20:00etara. Larrañagak erakusketa ikustera animatu ditu herritarrak: "Harrigarria da duela 40 urte jendeak triatloia nola egiten zuen ikustea".

 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide