Arraunari lotutako ibilbidea amaitutzat iaz eman bazuen ere, orain hartu du erretiroa Mikel Olazabalek, eta ia 43 urteren ondoren, etapa bat amaitu duela sentitzen du. "Kirol desberdinak landu ditut ibilbide osoan, eta niretzat maratoi bat izan da", dio esatariak.
Arraun esataria izateagatik ezagutzen dute ikus-entzule gehienek EITBko kirol kazetaria, baina osatu duen bidaia luzearen hasiera bestelakoa izan zela aitortu du: "Hasieran minutu eta erdi irauten zuten erreportaje zein albisteak egiten hasi nintzen, eta, horren ondoren, albistegietatik kanpo ere jardun nuen". Betidanik izan da kirolzalea, eta oposizioak egiteko aukera suertatu bezain laster, postua lortu zuen Olazabalek. "Izugarrizko poza hartu nuen plaza lortu nuenean; 22 urte besterik ez nituen une hartan".
Plaza lortu eta Realaren jarraipena egiten hasi zen zarauztarra, une hartan erosi baitzuen EITBk zuzenekoak egiteko eskubidea. "Larunbatero hasi nintzen futbol partiden berri ematen, eta esperientzia hura oso polita izan zen niretzat".
Gero, Joxe Mari Iriondoren laguntzailea bilakatu zen udako estropadetan. Elkarrizketak eginez hasi zen esparru horretan, "kable luze-luzea zuen mikrofonoarekin", barrez gogoratu duenez. Denbora baten ondoren, Iriondok erretiroa hartu zuen, eta orduan proposatu zioten berari arraun esatari izatea. "Proposamena egin zidaten eta baiezkoa eman nuen. Ordurako futbolaren arloan hasita nengoen lanean, eta konfiantza sentitzen nuen".
Ordutik ez da gelditu ere egin Olazabal, eta udaro aritu da herritarrei estropaden inguruko informazioa ematen: "Niri zuzenekoak egitea ikaragarri gustatzen zait, bai platoan, bai kanpoan, eta arrauna gustuko dudanez, kirol horri lotutako zuzenekoak egitea are eta gehiago gustatzen zait", dio. Ofizioarekin gozatu egin du esatariak, eta hori "zoriontasunerako giltza" dela azpimarratu du.
Mikrofonoaren beste aldean
Aurten estropadez kanpotik gozatzea egokitzen zaio, eta jada hasi dela horretan esan du, bi seme arraunlari baititu: "Seniorrak izanik, haiengandik hurbil egon nahi dut eta beraiekin gozatu", dio. Txipa aldatzeko garaia heldu zaiola uste du, eta "ardura gutxiagorekin" bizi nahi ditu aurrerantzean arraunaren bueltako kontuak.
Erretiroa orain hartu duen arren, estropadei aurreko denboraldian esan zien agur, eta ezustean harrapatu zituen ikus-entzuleak arraun esatari izateari utziko ziola iragartzean. "Niri gauzak modu naturalean egitea gustatzen zait, ez banoalako izugarrizko agurra egitea; ni ez naiz horrelakoa", esan du kazetariak. Denboraldi hasieratik zekien egun hartakoa bere azken narrazioa izango zela, eta normaltasun osoz iragarri zuen berria; "sinpletasunez", bera den bezalaxe.
Ibilbidea amaitu duen arren, ilusioz gogoratzen ditu urte hauetan guztietan bizi izandakoak Olazabalek: "Oroitzapenak alde guztietatik etortzen zaizkit; arraunak oso une politak eman dizkit, baita lagun asko ere". Horrez gain, erretiratu ostean ere jendearen hurbiltasuna sentitzen duela aitortu du, eta gozatzen ari dela. "Oso zoriontsua izan naiz nire ogibidean, eta hori ez da diruarekin erosten den zerbait".
"Oso zoriontsua izan naiz nire ogibidean, eta hori ez da diruarekin erosten den zerbait"
Urteak pasatu ahala, asko aldatu da kirol esatari lana egiteko modua, eta 1987an Realak Zaragozan jokatu zuen Espainiako Koparen finalaz hitz egin du Olazabalek, gauzak zenbat aldatu diren jabetzeko: "Aurtengo finalera EITBko 40 bat lagun-edo joan dira, eta garai hartan Euskal Telebistatik ni bakarrik joan nintzen kamerari batekin", gogoratu du. Partidan ezarri zuten segurtasun sistema ere erabat desberdina zela azaldu du, orduan ez zirela "gaur egun bezain zorrotzak". Horren ondorioz, egun hartan zelai barrura sartzeko aukera izan zuen, eta "atzo izango balitz bezala" dauka une hori grabatuta. "Arconada, Larrañaga eta Sagarzazuren irudia daukat buruan".
Zuzenekoen xarma
EITBko esataria zuzeneko saioen narratzailea izan da betidanik, eta mota horretako saioak nolakoak diren azaldu du: "Aurrez grabatutako saio batean zerbait osoagoa eta landuagoa lortuko duzu, baina zuzenekoak daukan indar hori ez dauka inolaz ere", adierazi du.
Hala ere, dena ez da ematen duen bezain sinplea: Olazabalek aipatu du zuzeneko saio bat egitea ez dela unean burura datorkizun lehen gauza esatea. "Jendeak uste du dena inprobisatu egiten dugula, bat-batekotasuna dela zuzenekoen giltza, baina hori ez da egia. Zuzeneko emanaldi bat asko landu behar da, eta nik ikaragarri prestatzen ditut guztiak", nabarmendu du.
Estropadetan, esaterako, zenbait gauza hartzen ditu kontuan: estatistika, lehiaketa nola doan, klub bakoitzaren aldaketak, aurreko urteetako markak, olatuak, araudiak... Telebistan eman beharreko informazio osagarriaz mintzatu da: "Begiekin ikusten duena ez diozu azaldu behar ikus-entzuleari, ikusten ez den hori azaleratu behar da. Batzuek ez dituzte kontrolatzen guztiz estropadak, eta norbaitentzat ikusten dituen lehen aldia izan daiteke".
Kazetariak ohartarazi du inor ez dela esatari trebatua egun batetik bestera bilakatzen. "Joxe Mari Iriondoren aldamenean denbora gutxi egin nuen, baina gauza asko irakatsi zizkidan, gehienak ezer esan gabe, ikusi egiten bainuen zer egiten zuen eta nola", esan du.
Olazabalentzat eredu da Iriondo, haren "kontatzeko modu paregabea" dela eta. Hala ere, esatari bakoitzak lan egiteko "modu desberdina" daukala dio. Olazabali teknologiak asko lagundu dio: "Teknologiaren pribilegioak baliatu dituen lehenengoetakoa izan naiz, nire garaian hasi baikinen estropaden barnean gertatzen zena entzuten", gogoratu du. Egia da kontakizunaren tonua egokitu egin behar dela modu horretara ere, baina, bere ustez, horretan ondo asmatu dute.
Bidean bizitako esperientzia politak ugari izan dira, baina zenbait buruhauste ere eman dizkio esatari lanak. Zuzeneko bat amaitu ondoren, "izugarrizko hustualdia" sentitzen duela adierazi du esatariak, baina ezinbestekoa dela ondoren hausnarketa egitea: "Hobetu ditzakezun pasadizoak etortzen zaizkizu burura une oro, baina hurrengorako asko balio du horrek".
Datozen ahotsak
Laster ekingo diote aurtengo arraun denboraldiari, eta lau hamarkada luzez arraun esatari aritu den arren, oso lasai dago Olazabal, esku onetan utzi baitu bere postua: "Ibon Gaztañazpi izango da nire ordezkoa. Artista bat da, eta oso ondo prestatuta dago eginkizun horretarako".
Teknikoki bera baino askoz prestatuago dagoela azpimarratu du Olazabalek, arraunlari ohia delako eta entrenatzailea ere izan zelako. Esperientzia horrek ezagutza handia ematen diola aipatu du. "Egia da, agian, esatari profila gehiago zaindu beharko duela hemendik aurrera, elkarlanean ibili garenean hori nik egin baitut eta berak arlo teknikoari gehiago erreparatu baitio", nabarmendu du. Hala ere, Olazabalek ez dauka lekukoa esku onetan utzi duen zalantzarik.
