Zortea ez zuen alde izan atzo Martin Sorreluzen eta Urko Zumetaren Burgosko Aparejadores errugbi taldeak. Ohorezko Mailako finala jokatu zuten, VRAC Quesos Entrepinares taldearen aurka. Oso partida ona jokatu ostean, azken unean egin zien ihes garaipenak, eta ezin izan zuten klubaren historiako lehen ligako titulua eskuratu.
Hasierako hamabostekoan egon ziren bi zarauztarrak, eta lehen zati gogor baten ostean, atsedenaldira markagailuan aurretik joatea lortu zuten (10-21). Lehen zatian Zumetak entsegu bat egin zuen.
Bigarren zatia ere parekatua izan zen, eta VRAC taldearen minutu on batzuen ostean, 22-21 jarri zen aurretik Valladolideko taldea. Partidaren azken minutuetan Burgosko taldeak 22-24 jartzea lortu zuen, baina amaiera krudela izan zuen partidak Sorreluzen eta Zumetaren taldearentzat. Partidako azken jokaldian, VRACek ostikada bat sartzea lortu zuen, eta 25-24ko emaitzarekin amaitu zen partida. Sorreluzentzat ligako lehenengo finala izan zen atzokoa, eta Zumetarentzat, berriz, hirugarrena.