Hirugarren eta bosgarren postuak eskuratu ditu Zarautzek Lekeitioko Ikurrina estropadetan

Intza Trula 2026ko ekainaren 6a

Zarauzko gizonezkoen trainerua, gaur, Lekeition. (Bermeo Arraunean)

Gaur goizean jokatu dituzte Lekeitioko Ikurrina traineru estropadak, eta bertan izan dira Zarautz Arraun Elkarteko emakumezko zein gizonezko traineruak. Bi estropadak Oriok irabazi ditu.

Lekeitioko (Bizkaia) uretan lehiatu dira gaur Zarautz Arraun Elkarteko emakumezkoen zein gizonezkoen traineruak. Lekeitioko Ikurrina izan dute jokoan, eta banderarik poltsikoratu ez duten arren, lan txukuna egin dute Zarauzko arraunlariek hitzorduan. Gizonezkoei dagokienez, hirugarren sailkatu dira; emakumezkoek, berriz, bosgarren amaitu dute estropada. Bi estropadetan Orio izan da txapelduna, hain zuzen ere.

Eguraldia ez da oso txukuna izan gaurko jardunaldian, eta txanda batetik bestera nabaritu egin dira haizearen aldaketak. Gizonezkoen kasuan, hiru txandatan uretaratu dira, eta lau luze eta hiru ziaboga burutu behar izan dituzte. Zarautzek 21:56,00ko denbora behar izan du helmuga zeharkatzeko, eta horri esker hirugarren postua eskuratu du. Orio izan da azkarrena, lanak 21:45,27ko denboran amaituta, eta bigarren izan den San Juani bederatzi segundoko tartea atera dio (21:54,40).

Laugarren eta bosgarren postuak Isuntzarentzat (21:58,51) eta Ondarroarentzat (22:08,78) izan dira, hurrenez hurren. Deustuk (22:28,00) egin du seigarren, eta zazpigarren helmugaratu da Zumaia (22:36,00). Gainerakoan, honela geratu da sailkapena: Kaiku zortzigarren (22:40,00), Busturialdea bederatzigarren (23:05,25), Hondarribia hamargarren (23:06,19), Portugalete hamaikagarren (23:33,00), Hibaika hamabigarren 23:33,05), Arkote hamahirugarren (23:34,57), Deustu B hamalaugarren (24:21,93), eta Mutriku hamabosgarren (25:53,37).

Emakumezkoak bosgarren

Emakumezkoei dagokienez, bi luze eta ziaboga bat egin behar izan dituzte, eta Zarautzek, zehazki, 13 minutu eta 9 segundoan zeharkatu du helmuga. Txapeldunak, Oriok, 11 minutu eta 58 segundo behar izan ditu lanak amaitzeko, eta Hibaika heldu da bigarren, 12 minutu eta 12 segundoan. Zumaia sailkatu da hirugarren, estropada 12 minutu eta 18 segundoan amaituta.

Tolosaldea izan da laugarren (12:21), eta haren atzetik amaitu ditu lanak Zarautzek. Gainerakoei dagokienez, Kaiku sailkatu da seigarren (13:09,30), Hondarribia zazpigarren (13:18,13), Deustu zortzigarren (13:25,34), Isuntza bederatzigarren (13:29,55) eta Portugalete hamargarren (15:43,00).

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide