Dozenaka lagun elkartu ditu EH Bilduren Bat Egin egunak

Intza Trula 2026ko ekainaren 6a

Eskualdeko alkateekin tertulia egin zuten atzo arratsaldean Plaza Gorrian, eta parrilladaz gozatu zuten jarraian bertaratutakoek. Anuska Esnal Orioko alkateak, Iñaki Ostolaza Zumaiako alkateak eta Haritz Alberdi Getariako alkateak parte hartu zuten, eta Zarauzko EH Bilduko zinegotzi Garazi Olaizolak gidatu zuen saioa.

Plaza Gorrian Bat Egin eguna ospatu zuen atzo arratsaldean EH Bilduk. Eskualdeko alkateekin solasaldia egin zuten hitzorduari hasiera emateko, eta hura amaitzean, parrilladaz gozatzeko tartea izan zuten. Hori hala, bertan parte hartu zuten Anuska Esnal Orioko alkateak, Iñaki Ostolaza Zumaiako alkateak eta Haritz Alberdi Getariako alkateak; moderatzaile lanetan, berriz, Zarauzko EH Bilduko zinegotzi Garazi Olaizola aritu zen.

60 lagunetik gora bildu ziren hasiera batean Plaza Gorrian alkateen azalpenak entzuteko, baina tertulia aurrera zihoan moduan, herritar gehiago elkartzen joan zen ekitaldia jarraitzeko. Alkateez eta herritarrez gain, herri bakoitzeko hainbat alderdikide ere bertaratu ziren saiora.

Solasaldian lau herriei eragiten dieten gaiak jorratu zituzten, eta alkate bakoitzak bere esperientzia kontatzeko aukera izan zuen. Besteak beste, legealdiaz, etxebizitzaren arazoaz eta turismoaz hitz egin zuten.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide