Uhinak libreki bi hamarkadaz

Aritz Mutiozabal 2026ko ekainaren 13a

Izotz Barrio, Libe Eizagirre eta Jon Artetxe arraiokideak, gela arroxan. (Aritz Mutiozabal)

Arraio Irratia Putzuzulo gaztetxetik emititzen hasi zela hogei urte beteko dira maiatzaren 20an. Garapen digitalaren hatsa gertutik sumatzen duten arren, hasierako ilusioarekin jarraitzen dute, eta, nola ez, urteurrena ospatzeko gogoz daude. Maiatzeko Zarautz Guka aldizkarian argitaratutako erreportajea da honakoa.

Hogei urte beteko dira aurten Arraio Irratia FMko 99.3 seinalean emititzen hasi zenetik. 2006ko maiatzaren 20an egin zuten lehen emisioa: asteburu osoko emanaldia eskaintzeaz gain, OK Korral talde mitikoa berriz elkartu eta Putzuzulo gaztetxean jotzera animatu zuten. Atzera begirako bat izan zen, ibilbide berri bati hasiera emateko. Izan ere, 80ko hamarkada amaieran Patxiku kalean zegoen irrati librearen izena eta izana berreskuratu eta lozorrotik esnatu zuten. Autogestioan eta asanbladan oinarrituta, bi hamarkada oparo osatu ditu Arraiok –hamazazpi urte Putzuzulon eta azken hiruak Hiruputzun–, baina betiere gotorleku bilakatu duen gela arroxan.

Urteurren borobila izanik, "ospatzeko gogoz" agertu dira Izotz Barrio, Libe Eizagirre eta Jon Artetxe arraiokideak. Efemeridea hilaren 20a bada ere, festa egun nagusia maiatzaren 9a izango dute. "Berezia izatea nahi dugu. Hogei urte hauetan irratian ibili den jende guztia gonbidatu dugu bazkari bat egiteko", aditzera eman du Barriok. Egun osoko egitaraua prestatu dute: asmoa dute ibilbide bat egiteko goizean, Patxiku kaletik hasi eta Putzuzulo zegoen tokira, eta han, Mor More taldeak abesti batzuk joko ditu; ondoren, bazkaria eta bazkalostea; eta iluntzean, 21:00etan hasita, Zaaf, Perlata eta Gaizkiñe taldeen kontzertuak. "Azkenean, hogei urte hogei urte dira!".

Ospakizuna egun bakarrera mugatu beharrean, Artetxek azaldu du urtean zehar banatu dituztela urteurreneko ekitaldiak eta jarduerak. Urtemugako logoa aurkeztu zuten azaroan; Ahoztar Zelaietaren liburu aurkezpena eta Arraioko programazioaren aurkezpena egin zituzten plaieroetan abenduan; kamisetak eta jertseak saldu zituzten abenduan eta urtarrilean; Gailu eta Flyshit taldeen kontzertuak antolatu zituzten urtarrilerako; Korrika kulturalaren barruan, Begoña bakarrizketa, otsailerako; eta apirilaren erditik ekaina amaiera arte + 20 urte uhinetan aske erakusketa izan da ikusgai 310 dendan nahiz Garoa liburu dendan.

Mantentzearen meritua

"Oso indartsu hasi ginen, eta ondoren, egonkortu egin ginen. Beti egon dira gorabeherak, baina hortxe jarraitzen dugu, osasuntsu. Azken finean, hogei urtez irrati bat mantentzea nahiko meritu bada", aitortu du Barriok. Jende gehiago izatea gustatuko litzaiekeela azaldu du, baina "kolektiboki egiten diren gauzak gero eta indibidualago" bihurtzen ari dira: "Irratiaz ari garela, gero eta podcast gehiago daude eta irrati komunitario gutxiago daude". Zentzu horretan, bi hamarkada hauetan eginiko ibiliak berebiziko garrantzia du, eta emandako aurrerapausoak aintzat hartzekoak dira. "Pentsa, lehen komun batetik egiten genituen irratsaioak, eta begiratu orain dugun estudioa", dio Hiruputzuko lehen solairuan dagoen gela arrosa seinalatuz.

Hamaika irratsaio ondu dituzte urte hauetan guztietan Arraioren estudioan; batzuk gehiago iraun dute, besteek gutxiago, eta beste batzuek oraindik uhinetan jarraitzen dute lehen egunetan bezain indartsu. Ahuntzaren gauerdiko eztula, Zarata Zarautz eta Izerditan blai saio beteranoak dira; Arraioko saio ikurrak, nolabait esateko. Galdedebalde azken urteetan arrakasta dezente izaten ari den saioa da, eta Patiyoko atzuak, urte hauetan egosten joan den proposamen umoretsua. Bashoaz da irratsaio berriena, aurten abian jarri dutena, eta aurki Marmarrian izenekoak ekingo dio.

"Azpimarratu behar da jende berria sartu da. Ez ditugu irratsaio asko, baina guztietan ez gaude zaharrak. Belaunaldi ezberdinetako kideak gabiltza", aditzera eman du Artetxek. Ez dakite esaten Zarauzko irrati librearen etorkizuna bermatuta dagoen, baina orainaldiarekin, behintzat, gustura daude. "Bashoaz eta Marmarrian saioko kide gazteen kasuan, Arraiora jo dute beraien proprosamenak zabaltzeko, eta hori harro egoteko modukoa da", dio Eizagirrek. Interesgarria deritzo Artetxek, gazte jendearentzat irratia ez delako existitzen. "23 urtekoentzat dena dira podcast, Spotify, Youtube eta halakoak. Irratia edo telebista konbentzionala ez dituzte kontsumitzen".

Formatua eta lizentzia

Teknologia berriak puri-purian diren garaiotan, bestelako bide batzuk arakatzeko aukeren inguruan oraindik ez dutela hausnartu kontatu du Barriok: "Frantzian, esaterako, FMa desagertzen ari da eta dena digitalizatzen ari omen dira. Gauza horiek oso urruti geratzen zaizkigu, eta oraindik pentsatzen ere ez gara hasi". Artetxek ere jakitera eman du duela urte batzuk FM irrati linea desagerrarazi egin zutela Norvegian, eta dena DAB (Digital Audio Broadcasting) dela egun: "Espainiako Estatuan FMa desagertuko balitz lege baten bidez, ez da erraza izango DAB formatura pasatzea, inbertsio ekonomiko handia beharko delako. Gainera, Espainiako Estatuan hori egin nahi ez dutenak irrati komertzialak dira, ez dute horren inguruko ezer entzun ere egin nahi. Orduan, FMa dagoen bitartean, irrati libreok emisioa mantentzen saiatuko gara".

Herrialde batzuetan digitalerako jauzia ematen ari diren bitartean, Barriok gogora ekarri du Eusko Jaurlaritzak duela urte batzuk aukera eman ziela Arraio bezalako irrati libreei lizentzia lortzeko. Arraiok eskaera egina du eta Jaurlaritzak onartuta dauka, baina azken katebegia falta da guztia egikaritzeko: "Espainiako Gobernuaren menpe gaude duela bi urtetik, eta oraindik zain gaude. FMko emisio hori legeztatze aldera eman beharreko pausoak eman genituen, eta Jaurlaritzak onartu zituen, baina ondoren, auzia Madrilera pasatu zen, eta oraindik erantzunik ez dugu jaso. Ez zaigu jakinarazpenik iritsi". Azken finean, Arraioko kideek azaldu dute "modu alegal batean" aritzen direla, eta Artetxek azaldu duenez, "baimena duen beste norbait ez baduzu oztopatzen, ez dute esku hartzen". 80ko hamarkadan, oztopatu ez arren, irrati libreak itxi zituztela oroitu du, eta borroka handia egin zutela telekomunikazioko delegazioek, baina gaur egun ez dela halakorik gertatzen Euskal Herrian; Bartzelonan, aitzitik, arazoak dituzte, hango FM seinalearen espektroa oso saturatua dagoelako.

"Gure kasuan, pauso bat ematea erabaki genuen legeztatzeko bidean, hemen [Zarautzen] euskarazko irrati baten lizentzia bat egon dadin. Etorkizunean ez dakigu Arraio egongo den ala ez, baina behintzat aukera bermatuta egongo litzateke", nabarmendu du Barriok. Autokritikarako tartea ere izan dute, eta kontziente dira egungo gizartearen kontsumitzeko moduak zeintzuk diren. "Jakitun gara jende gehienak ez duela FM bitartez entzuten irratia, eta guri gustatzen zaigun arren, badakigu zaharkituta geratzen ari dela. Dena online formatura bideratzen ari da, eta pena bat da; baina ahal dugun bitartean, gurean jarraituko dugu", dio Artetxek. Musika biniloan edo Spotifyn entzutearen artean dagoen aldearekin konparatu dute, nolabait ere.

Hogei urteko ibiliaren ondotik, Arraio Irratia ongi errotuta dago herrian, eta ez herrian bakarrik, Zarauzko mugak ere gainditzen ditu auzokide diren udalerrietara ere iristen delako seinalea. Irratsaioek entzule fidelak dituztela azpimarratu dute, baina ez dute informazio zehatzik, ez dakite zenbat entzuten den. "Gainera, ordu eta erdiko saioak egiten ditugu, eta ez dakit gaur egungo gazteak horrenbeste denboraz saio bat entzuteko gai diren. Nik uste dut hamar minututik aurrera kosta egiten zaiela", dio kezka apur batekin Barriok. Herrian errotuta egoteak eragile bat gehiago dela ere esan nahi du; izan ere, herriko beste eragile batzuekin elkarlanean kalera atera izan dira zuzeneko emisioak egitera edota ekitaldietan parte hartzera, hala nola plaieroetan, Korrikan eta jaietan egin dituzte emisioak, eta hitzaldiak, kopla txapelketak edo kontzertuak grabatu izan dituzte ondoren entzuleei eskaintzeko.

Uhin libreak zikintzen

Arraio Irratiaren 20. urteurreneko ospakizunekin batera, Zarata Zarautz irratsaioak ere bere emisioaren bi hamarkadak ospatzeko asmoa du, eta 20 urte uhin libreak zikintzen! lelopean, hainbat ekitaldi antolatu ditu maiatzaren amaierarako. Maiatzaren 30erako jarri dute festa eguna, bazkariarekin eta musika jaialdiarekin. Kolektiboa liburu bilduma mardul bat ontzen ere ari da, urteotan antolatu dituzten kontzertuetako argazkiekin eta hainbat kolaboratzaileren idatziekin; oraindik zehazteke dute argitaratze data.

Irratia komunikatzeko erreminta bat da arraiokideentzat, mikrofono aurrean libreki adierazteko aukera ematen diena, gogoko dituzten edo kezka eragiten dieten gaiez hitz egiteko nahiz gustuko musika jartzeko, baina lagunartean elkartzeko espazio bat ere badela adierazi du Eizagirrek. Irratsaioak egiten gozatu egiten dute, eta gozatzen jarraitu nahi dute urte luzez.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide