Gutuna

Egoera larri bat elkar zaintzaren bidez gainditua

Hondartzako boluntario batzuk 2026ko ekainaren 4a

Aurreko asteko hondartzaren egoeraren irudia. (utzitakoa)

Zarauzko hondartzako azken egunetako egoeraren inguruko gogoetak eta ikaspenak jasotzen dituen gutuna helarazi dute hondartzako bolondres batzuk.

Azken egunotan Zarauzko hondartzan ohiz kanpoko egoera bizi izan dugu. Maiatzaren 20tik aurrera itsasaldia handitzen hasi zen, eta harekin batera, ezohiko indarreko korronte edo txurro arriskutsuak antzeman ziren hondartzako hainbat gunetan. Egoera hori are gehiago larritu zuten hainbat faktoreek: tenperatura altuek eta egun askotako bero bolada ezohikoek jende ugari erakarri zuten hondartzara eta uda denboraldiaz kanpo aurkitzean, hondartzek ez zuten sorospen zerbitzurik izan.

Itsasoa ongi ezagutzen duten askorentzat, maiatzaren 20ko egun amaierak argi erakutsi zuen hurrengo egunetan egoera bereziki larria bihur zitekeela. Korronteen indarra ez zen ohikoa, eta egun hartan bertan ikusi zen arrisku egoera handitzeko baldintzak elkartzen ari zirela. Maiatzaren 21a izan zen, segur aski, azken urteotan Zarautzen bizi izan den egunik zailenetakoa bizitu zen, hondartzaren segurtasunari dagokionez. Eguraldi bero eta eguzkitsua zela medio, bainulari ugari sartu zen uretara, askok korronteen arriskua behar bezala ezagutu gabe. Egun hartan batez ere, erreskate ugari egin ziren, batzuk surflarien esku-hartze azkarrari esker, beste batzuk hondartzan zeuden herritarren laguntzarekin, eta beste hainbat urertzetik bertatik koordinatutako prebentzio eta sorospen jardunen bidez.

Hauetatik batzuk azaltzearren, Usurbilgo gazte bat birritan urperatu zen eta anbulantziak artatu behar izan zuen; 12 urteko bi zarauztar gaztetxo txurroak zeramatzan eta kuadrillako lauzpabost lagun, laguntzera sartu, eta denak txurroak eraman zituen; aita- seme bat ere eraman zuen txurroak eta erreskatea heltzerako aitak begirasuna galduta zuen; erreskatatzera sartu ziren batzuk ere, atera ezinik ibili ziren eta hauek ere, erreskatatuak izan ziren; Muskaria inguruan ere sasoian ziren hamar bat gazte eraman zituen txurroak, eta egoeraren tamainak gaindituta surf eskolako bolondres bat taulak jaurtitzen hasi zen hondartzara eta jendearen erantzun kolektiboa eskatu zuen; jarraian beste kuadrila batek, esperientzi antzekoa izan zuen; eta ilunabarrean bainulari batzuek txurroan zegoen boiari heldu behar izan zioten.

Hau dena maiatzaren 21ean 12 ordutan gertatu zen, eta kontatua kezkagarria bada, egin dezagun ideia gertatutakoaren zati txiki bat besterik ez dela... Hainbat herritarrekin bildu ondoren ohartzen joan baikara, herritarron artean soilik eginiko lan txukunaren tamaina eta emaitzaz… erreskate zerrenda kontaezina eta itotakorik ez.

Hori ikusita, berehala osatu zen bolondres sare espontaneo bat, egoerari erantzuteko helburu bakarrarekin: bizitzak babestea. Lehen pausoa egoeraren larritasuna dagokien erakundeei jakinaraztea izan zen, tartean udalari. Aldi berean, herritarren artean korronteen arriskuari buruzko informazioa zabaltzen hasi zen whatsapp taldeetan, eskoletan, etxeetan, surf komunitatean eta lehenago aipatu bezala, ahoz aho, prebentzioa lehen lerroan jarriz.

Ondorengo egunetan, bolondresek taldea osatu eta antolatuta jardun zuten. Arrisku handieneko guneetan bandera gorriak jarri zituzten, hauek gurutze gorriko basetik hartu zirelarik, eta ikusirik ez zirela nahikoak, material osagarria erosi eta bilatu zein egokitu behar izan zen seinaleztapena egokia burutu ahal izateko. Zaintza txandak antolatu ziren, txurro edo korronte arriskutsuenetan begirada iraunkorra bermatzeko. Eta udalari nahiz udaltzainei laguntza eskatu zitzaien lehorreko begirale eta ahoz prebentzio funtzioetan laguntzeko… erantzunik ez. Egunak pasa ahala bolondresek beraien enplegu eta zereginak tarteko nahiko lan izan zuten, hondartzako segurtasuna “bermatzeko”. Eta korronte handiena zegoen orduetan, zaintza egotea lehenetsi zuten.

Segurtasuna hobetze aldera, bolondresek erabaki batzuk hartu eta ekintza batzuk gauzatu zituzten. Hainbat puntu gorrietan surf oholak, flotagarriak eta bestelako sorospen baliabideak utzi ziren, edozeinek larrialdi egoeretan erabiltzeko moduan. Zenbait txurro edo korronte gunetan flotazio puntuak ezarri ziren, bertara iritsita pertsona batek arnasa hartu, indarrak berreskuratu eta bere kabuz edo lagunduta irteteko aukera izan zezan. Txikota bati esker, boia bakoitzean surf taula bat jarri zen. Aldi berean, hondartzako hainbat punturen artean “walkie” komunikazio sare informala antolatu zen, egoeraren jarraipen etengabea egiteko eta premiazko egoerei berehala erantzun ahal izateko. Eta bolondres baten uretako motor pertsonala ere uretaratu zen itsasaldi handietako egun kritikoetarako. Izan ere, korronteak daraman pertsonaren biziraupena minutu gutxiko kontua da, eta berehalako erantzuna eskatzen du.

Hurrengo egunetan, prebentzio eta aholkatze lanek erreskateak jaitsi zituen arren, jendea ateratzen jarraitu zen, esaterako azken erreskatea maiatzaren 31n, igandea, 20:30 izan zelarik.

Emandako egoera honek hainbat galdera uzten ditu airean, eta horiek egitea ezinbestekoa dela uste dugu. Klima aldaketaz, bero boladez, itsas baldintza gero eta aldakorragoaz eta turismoaren desestazionalizazioaz hitz egiten den honetan, prest al gaude uda sasoiaz kanpo halako egoerei erantzuteko? Udalak larrialdietako uretako motorra izanik, zein egoera eman behar da denboralditik kanpo motorra uretaratzeko eta bolondres kualifikatuek erreskateko motorra erabili ahal izateko? Ba ote da protokolorik? Nola bermatuko da gero eta jende gehiagok urte osoan erabiltzen den gure hondartzaren segurtasuna? Uda garaian eskaintzen den sorospen ordutegia nahiko al da segurtasuna bermatzeko?

Azken egunetan komunikabideetan entzundako zenbait adierazpenek harridura eta ezinegona sortu diote hainbat bolondres zein herritarri. Udalak hondartzan denboraldi hasieraren berria ematean, bolondresei eskertza adierazi eta balizko “koordinazio” bat egon dela aipatu baitu.

Idatzi hau egin dugun bolondres batzuon ikuspegitik, egoeraren unerik zailenean ere ez zen koordinaziorik egon, ez komunikazio kanal partekaturik, ezta beharrezkotzat jotako zenbait baliabideren aktibazio eraginkorrik ere. Gehiago esan daiteke, egindako hainbat eta hainbat eskaerei erantzunik ez zitzaien eman. Ozen esan dezakegu, herritarren elkarlanak eta borondatezko antolaketak bete zuela hutsunea.

Ez dugu hau inor seinalatzeko idazten. Ez dugu polemika egiteko idazten. Kontrakoa, gertatutakoa ikusita, hausnartzeko eta egindakotik ikasteko idazten dugu. Etorkizunean, antzeko egoera batean, herritarrek berriz ere euren kabuz egoera larri bati eutsi behar ez izatea nahi dugulako idazten dugu. Gure ustez, gertatutakoak erakutsi du itsasertzaren segurtasuna ez dela bigarren mailako auzia, eta uda garaian egiten den sorospen lana ezinbestekoa dela. Sarritan sorosleek bainulari nahiz surflarien kexak jasaten dituzte, baina argi geratu da Zarautz bezalako hondartza zabal batean ez dela bromako jarduna eta beraz balioan jarri nahi da egiten duten lana.

Eta, batez ere, eskerrak eman nahi ditugu.

Eskerrik asko hondartzan zaintza begirada izan duzuen guztioi.

Eskerrik asko haur eta gazteei korronteen arriskuaren inguruan azalpenak eman dizkiezuenoi.

Eskerrik asko mezuak zabaldu eta prebentzioa lehenetsi duzuen guztioi.

Eskerrik asko herriko elkarteei, surf eskolei eta norbanakoei, zuen baliabideak herriaren zerbitzura jartzeagatik.

Eskerrik asko bainulariei, jasotako gomendioei kasu egiteagatik eta egoeraren larritasuna ulertzeagatik.

Eskerrik asko surflariei eta erreskate lanetan aritu zareten guztioi, askotan modu isilean baina ezinbestekoan jarduteagatik.

Eta, batez ere, eskerrik asko azken egun hauetan herritik eta herriarentzat benetako elkar zaintza egin duzuen guztioi.

Bizitzak duen balioagatik egin dugu. Ahal genuena eman dugu. Eta zorionez, ez da ondorio tragikorik gertatu.

Honek, ordea, ez luke lasaitasunerako arrazoia izan behar, baizik eta ikasteko eta hobeto prestatzeko aukera. Eta herritik herriantzat egindakoagatik… bejondeigula!!

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide