Charles Dickens idazlea maisu izan zen giza izaera, aldarteak eta jiteak deskribatzen, eta askotan haren pertsonaiak gizakion jokabideen, bizioen eta abarren eredu bilakatu dira. Pertsona zekenaren, zuhurraren, adibide bat behar izanez gero, berehala Mr. Scrooge-ren irudia etortzen zaigu burura, esaterako; edo Los papeles póstumos del Club Pickwick liburuko protagonista, Samuel Pickwick, medikuntzan sindrome bat izen horrekin izendatzen baita: Pickwicken sindromea.
Podsnaperismoa berak sortutako terminoa da. Bere pertsonaia baten izenetik dator, hain zuzen ere: Mr. Podsnap, Our Mutual Friend (Gure laguna edo horrelako zerbait) eleberriko protagonistetako baten izenetik. Mr. Podsnapen ezaugarri behinena zera da: ez du inolaz ere errealitatearen, gauzen, alde gordina, iluna, grisa, ikusi nahi, eta hari norbait alderdi hori ikusarazten saiatuz gero, planto, eta solaskidearen hitzak esku mugimendu batez uxatu egingo ditu. Esan dezadan, bidenabar, nobela horretan garai hartako industrializazioari, kapitalismoari, kritika zorrotza egiten diola Dickensek.
Bada, ni Podsnap zale bihurtzen ari naiz zenbait egitasmo burututakoan berehala plazaratzen diren ohar, iritzi edo abisu emaileen aurrean. Hainbat pertsonaren, elkarteren eta abarren esfortzuz garatu den proiekturen baten emaitza bikaina edo pozgarria izan bada ere, eta partaideak pozarren eta gozatzen egonda ere, Kilker Hiztunak ugaltzen hasi ohi dira, iluntzean zelaietan egiazko kilkerrak nola, helburu bakar batekin: errealitatearen alde iluna ikusaraztea. Eta orduan Podsnap jauna bezala hasteko gogoa etortzen zait.
Ez naiz inozoa, ez naiz ametsetako lukainkaz ari, eta kasuan kasuko egoeraren alde guztiak ikusten saiatzen naiz. Holakoetan jakitun izaten naiz katebegi bat besterik ez dugula lotu, eta katea oso luzea dela, baina utzidazue, tarte batez behintzat, lortu den emaitzaz gozatzen. Gainera, egoeraren alderdi ilunaz berehala konturatuko gara, zeru urdinak poliki-poliki eta berez ohiko tonu grisa hartuko baitu.