Judo Klub Lizardiko kirolariek beste asteburu oparo bat osatu dute, oraingoan Jacan (Huesca, Espainia). Espainiako Kopan lehiatu ziren larunbatean, eta bi domina lortu zituzten bertan: Naiara Villasantek urrezkoa, eta Itxaso Manzanasek brontzezkoa. Hitzordua, gainera, abenduko Espainiako Txapelketarako puntuagarria izan zen.
Villasantek 78 kilo azpiko kategorian irabazi zuen. Lizardiko judokak txapelketa bikaina egin zuen, bere borroka guztiak nagusitasunez irabaziz. Azken hiru txapelketetan lortutako emaitzei esker, ia ziurtatuta dauka abenduan jokatuko den Espainiako Txapelketan parte hartzeko plaza.
Manzanas 48 kilo azpiko kategorian izan zen hirugarren. Oraindik junior mailako kirolaria izanik, lehen aldiz lehiatu zen maila absolutuko txapelketa batean, eta hirugarren postu bikaina eskuratu zuen, bere bilakaera ona berretsiz.
Podiumetik oso gertu geratu ziren Eva Manzanas (52 kilo azpiko kategorian) eta Nahia Arregi (57 kilo azpiko kategorian). Biek bosgarren postua eskuratu zuten, brontzezko dominaren borrokan galdu ondoren.
Gizonezkoen kategorian, Aitor Martinez eta Rodrigo Novoa, biak 73 kilo azpiko kategorian, lehen aldiz aritu ziren maila honetako txapelketa batean. Lehen borrokak galdu eta kanpoan geratu baziren ere, esperientzia baliotsua izan da haien kirol ibilbiderako.
Austingek, gerriko beltza
Ospatzeko arrazoi gehiago ere izan ditu Judo Klub Lizardik azken egunotan: Aritz Austingek arrakastaz gainditu zuen asteburuan Donostiako Arte Martzialen Aretoan egindako proba, eta gerriko beltza eskuratu zuen.
Lan ona egin zuen Austingek azterketan, eta hori prestatzen laguntzeko alboan izan du Beñat Villanueva.
