Historia egin du Erik Balentziaga eskubaloi jokalariak. Europako Liga irabazi du asteburuan MT Melsungen taldearekin. Horren harira, ongi etorria egin zion Zarauzko herriak atzo arratsaldean Musika Plazan. Senide, jokalari, jokalari ohi eta lagun ugari hurbildu ziren harrerara.
Amenabar Zarautz taldeko Fausto Berazadi eta Igor Iturralde jokalari ohien eskutik zarauztarraren ibilbide oparoa errepasatu zuten, modu zirtolariz eta anekdotak bitxiak gogoraraziz. Ondoren, Josu Balentziaga aitak hartu zuen mikrofonoa, eta hitz ederrak eskaini zizkion semeari. Balentziaga oso jokalari eskuzabala dela nabarmendu zuen, "hori Europako jokalari onenekin elkartzen denean, gauza handiak lortu daitezke".
Amaitzeko, Balentziagak berak hartu zuen hitza, eta partidaz partida beraien babesa ematen dioten pertsona guztiez oroitu zen: "Orain arte inoiz ez nintzen txapeldun sentitu, baina gaur zuek hemen egotea, nire erreferente izan diren jokalarien eskutik halako harrera bat jasotzea eta hainbeste maite ditudan pertsonak elkartzea da benetan eskertzen dudana. Bihotzez, eskerrik asko".