Ahantzi nahiko nukeen zerbait esan zidaten aurrekoan. Esaerak dioen moduan, hitzak haizeak eramaten ditu, eta hein batean egia da ekintzarik gabe hitzek ez dutela esanahirik, baina hitz hutsak ere astunegiak izan daitezke haizeak eraman ditzan. Esandakoa ez da beti esan nahi dena, eta nahiko trebea bazara, mundu bat deseraiki daiteke hitz hutsez, gezurrez; batzuetan, nahikoa dira hitz hutsak ekintzak mugiarazteko. Nahiko trebea bazara, beste mundu bat eraiki daiteke hitz hutsez, haizeak eraman ezin dituen zimentuak bailiran.
Hannah Arendtek 1971ean idatzi zuen garrantzizko guztiaz denek gezurra esaten dutenean, ondorioa ez dela gezurrak sinestea, baizik eta inork ezer ez sinestea. Egia eta gezurraren muga lausotzen denean, itxuraz, ezer ez da egia eta ezer ez da gezur. Hitzak ez dira deus; eta aldi berean, ezertasun hori sortu duten guztia dira; ezagun zaigunaren oinarri.
Labirinto metalinguistiko bat dirudite hitzek, esanek eta esanahiek; eta noski, arrastaka dakartzaten egiek eta gezurrek. Mugak lausotu arren, berdefini daitezke, eta gezurrek badute egiatik zerbait, itzala soilik bada ere, ezkutatu nahi denarekiko arrakalak lotzen ditu estuen gezurra eta egia.
Arrakala hori ez da ausazkoa izan ohi, itzalean uzten denak azaleratzen denak baino intentzio handiagoa izaten du sarri. Esaten denaren barne doa esan gabe utzitakoa. Hitza ere ekintza da izatez. Batek daki zein zoriz, baina ekintza fisikoak soilik entzuten ditugu ozen oro har; badirudi haratago ikustea, saiakerak eta intentzioak, beste norbaiten kontua direla.
Horregatik esana eta egina ez datozenean bat egia eta gezurraren arteko arrakala bera sortzen da; kontraesanaren aurreko ardura norberarena da, eta beti ezin dugu gure esku hartu nahiko genukeen guztia, eta ekintzen itzala ikusi gabe, errazagoa dirudi hitzak ahaztea, joaten uztea, haizeak eraman ditzan, aitortu nahi zaiena baino pisu handiagoa duten arren.